Kate ikusezinak eta Joxan Artzeri gorazarre, jaietako bertsopaper sarituetan

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 11a, 10:51

Jon Aizpurua Esnaolak irabazi du Usurbilgo jaietako 42. Bertsopaper Txapelketa, "Ikusten ez diren kateak" bertso sortarekin. Joxan Artze omendu duen Iñaki Agirresarobek bigarren saria. “Gure olekari zenari eskaini nahi nion, eta horregatik barrutik ateratako bertso batzuk” idatzi dituela berri eman zuen saria jasotzerakoan Agirresarobek. Sari banaketa, jaietako bertso saioaren baitan ospatu zen. Zorionak! Hemen dituzue saritutako bertsoak bere osotasunean:

1. saria:

Ikusten ez diren kateak

Jaio orduko berdin garela

Ez da seinale onena

Zerbait hainbeste errepikatuz

Zer da ezkutatzen dena?

Atzean utzia zena

Egun iraganarena

Sufritu zuten miseria da

Testigantza krudelena

Arrox, urdin da biena

Errespetuzko eskema

Baina logela panpin arroxez

Josi zidaten den-dena.

Eskolan ere ez pentsa dena

Arrox koloreko denik

Disimuloan mutilentzako

Bada pribilegiorik

Orain gogora datorzkit

Begiratuaz hemendik

Indar ta kemen hitzak kenduta

Zeuden gure hiztegitik

Hogei neskatootatik

Zalantza asko dauzkat nik

Zergatik ez da ingeniaritza

Ikasitako neskarik?

Baina aukera berdintasuna

Boladan dugun hitza da

Eta lanean kostatu arren

Aukera iritsi hara!

Itzalpeko lana laga

Bulegodun jefa zara!

Eta lehenengo zurrumurrua

“Nola iritsi da hara?”

“-ohe kontuen aupada?”

“-faboreak beharbada?”

Urte luzetan egin den lanak

Non du zuen begirada?

Eta tarteka tokatzen zaigu

Bilera bat edo beste

Korbata asko ikusten dira

Takoiak ez horrenbeste

Askotan hitzaren eske

Ixiltasuna erbeste

Gutaz oroitu gabe ordu ta

Egunak pasa litezke

Horrenbeste gutxieste

Ikaste eta ameste

Eder ta ixil gauden artean

Bileran egon gaitezke.

Parrandarako ere prestatu

Izan gara inoiz eder

Baina ispilu aurrean ezetz,

Jartzazu beste zeozer

Eskote barrura uger!

Gona motza dena izter!

“Gero gizonek ze kulpa dute?”

Dio inork muturroker.

Nere bizitzako txofer

Badauzkat hainbeste maizter

Zer jantzi beldur izango banaiz

Hemen bada zerbait oker

Kalean obrak, andamioak

Ta “kontuz” dion kartela

Zerbait burura eroriko den

Beldurrak gerran bezela

Ze neska tonta, ergela!

Da gremioen epela!

Piropoak ta baba sorta bat

Gizonkeri karrusela

Utzia dute zintzela

Nahiago nire okela

Okerrena da eguneroko

Eszena bihurtu dela.

Euskarak badu hitz bat laburra

Ta erraz dena ulertzen

Batzutan ixil esaten dena

Beste batzuetan ozen

Dena garden, dena zuzen

Erraz ulertu gaitezen

Eta edonork beharko luke

onartzeko adina sen

bai Iruñan, bai Gasteizen

denetan hitz berbera zen

EZ esatea ez al da aski

Behingoz geratu zaitezen.

Zorionean zoritxarretik

Izpitxoa sortu hara!

Lur idorretik lore ederrak

Paradoxa berbera da

Gaindituz dugun ikara

Akabo hanken dardara

Ilun denean etxeratzeak

Ezin du bihurtu traba!

Amets berrien alaba

Errotik dena eralda

Beldurrak bandoz aldatuko du

Orain manada gu gara!

Doinua: “Gure munduan hedatua da”.

Egilea: Jon Aizpurua Esnaola.

2. saria:

Joxan Artze olerkaria

Hizkuntzaren zaindaria

ta txori hegalaria,

iturri urtsu eta emankor

zuen emaria,

hitzetan kalakaria,

ondo josiaz haria,

entzute hutsa denontzat baitzen

zirraragarria.

Zutabe zuen kultura

eta hitzaren lilura,

txalapartaren hots zorrotzekin

ttan-ttakun ingura,

makilak, ohola, zura,

belarrirako onura,

herren zen tresna ekarri zigun

behar zen lekura.

Patri zuen bilgunea

hausnarrerako gunea,

idatzi, entzun eta hitz egin

gustuko unea,

bere aukera xumea,

zionez begirunea,

geroztik ezin beterik dago

bere hutsunea.

Maite zituen bazterrak

jakin-minari eskerrak,

lanbro artean hezetutako

paraje ederrak,

Baztango malda okerrak,

ta Xiberoko eperrak,

olerkietan islatu zuen

hitzaren maizterrak.

Oriaren ertzean,

berak begia jartzean,

ibai arrea ikusten zuen

itxura latzean,

bide ilun ta beltzean,

poemetan aipatzean,

ezinegona idazten zuen

natura hiltzean.

Eliz dorre nagusia

edonondik ikusia,

Etxebesteren ankerkeriaz

urrez eraikia,

han indiarren bizia,

odolez zen eraitsia,

bere olerki entzutetsuan

adierazia.

Mikel Laboa laguna,

ta musikari kuttuna,

Artzeren hitzez makina doinu

sarritan entzuna,

herriz-herriko jarduna,

gogoz iritsi zaiguna,

orain diskotan gelditzen zaigu

euren oihartzuna.

Hiztunen erabilera,

iris dadin gorenera,

zeren bestela amilduko da

gogotik lurpera,

ez dezan izan galera,

berak zioen bezela,

dakienak hitz eginez soilik

doala aurrera.

Doinua: “Aizak hi, mutil mainontzi!”.

Egilea: Iñaki Agirrerasobe Arzallus.