Usurbilgo festak igaro berritan, Zubietakoak ate joka ditugu. Aurten jai eguna izango ez den uztailaren 25etik 31ra ospatuko dituzte jaiak. Adi, hainbat hitzorduetarako txartelak salgai jarri ditu jada Jai Batzordeak Alamandegi jatetxean. Uztailaren 27ko herri afarirako hilaren 22ra arte eskuratu ahalko dituzue, hilaren 31ko zikiro janerakoak hilaren 23ra arte.
Jai Batzordetik ohartarazi dutenez bestalde, uztailaren 28ko jubilatuen bazkaria Barazar jatetxean ospatuko da. Lekua hartzeko deitu uztailaren 21a baino lehen, 634 879 207 (Arantzazu) telefono zenbakira. Azkenik, uztailaren 29ko paella janerako, “kuadrilla bakoitza ardura dadila beharrezko osagaiak eta tresneria ekartzeaz. Bertaratzeko asmoa izanez gero, Alamandegin aurkituko duzuen zerrendan apuntatu kuadrilako kide kopurua”.
Hurrengo festen datak
Usurbilgo Santixabelak igaro dira. Baina jaien denboraldia hasi baino ez da egin. Kalezarko eta Usurbilgo parranda egunen ostean, Zubieta, Urdaiaga eta Atxegaldekoen txanda orain. Dagoeneko festa egun guztion datak finkatuak daude:
-Zubietako jaiak: uztailak 25-31.
-Urdaiagako jaiak: abuztuak 3,4.
-Atxegaldeko jaiak: abuztuak 24-26.