Lanbide Heziketan matrikulatzeko garaia, uztailaren 12tik 18ra

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 10a, 08:55

Aurrematrikulazio kanpaina igarota, 2018-19 ikasturterako matrikulatzeko garaia dator orain Lanbide Heziketa osora. Uztailaren 12tik 18ra bitarte bideratu beharko da izen ematea, bai Zubietako Lanbide Eskolan, baita Atallun kokaturiko Oinarrizko Lanbide Heziketan ere. Usurbilgo Udaletik berri eman dutenez, 30 gazteek eman zuten izena aurrematrikulazio kanpainan. Bi ziklo eskaintzen ditu DBH-ko graduatua ez duten 15-17 urte arteko gazteei zuzenduriko Oinarrizko Lanbide Heziketak; sukaldaritza eta jatetxe arloko oinarrizko lanbide-titulua, eta ile-apainketa eta estetika arloko titulua. Informazio gehiago: olh.usurbil.eus, 943 36 04 65, lhi@usurbil.eus

Zubietako Lanbide Eskolan berriz, erdi eta goi mailako zikloak; elektrizitate-elektronika, fabrikazio mekanikoa, administrazioa, energia eta ura. Aurrematrikulazio kanpainako behin behineko zerrendak uztailaren 5ean argitaratu zituzten. “Aurrematrikula egin eta onartua izan bazara, zorionak! Baina gogoratu matrikula konfirmatzeaz eta irailean indarberrituta eta gogotsu etortzeaz!”, adierazi diete ikasleei Lanbide Eskolatik. Aurrematrikula egin ez duten edo hautatutako zikloan onartuak izan ez direnentzako oharra. “Lasai! Matrikula garaian esleitu gabe geratutako plazetan izena eman dezakezu, aztertu B plan guztiak!”. Informazio gehiago: lhusurbil.eus, 943 36 46 00, eskola@lhusurbil.eus