Hala adierazi dute Usurbilgo Udaletik sare sozialen bidez. Gipuzkoako Foru Aldundiak helarazitako gutuna argitara eman du. Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko Lurralde Antolaketako Foru Diputatu Marisol Garmendiak sinaturiko gutunean Udalari berri emante zaio, "bere garaian adostu genuenez", Diputatuen Kontseiluak "Tolosa, N-1 eta Buruntzaldea eta Donostiako loturak" izeneko bidaiari-garraioko zerbitzu publikoa emateko proiektua onartu duela Diputatuen Kontseiluak astearte honetan bertan.
Eta aipatu moduan Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dituztela "proiektuaren xehetasun guztiak, aurkeztutako alegazioei emandako erantzunekin batera". Gutun horretan, hainbat autobus zerbitzuetan hobekuntzak izango direla iragarri arren, Usurbili buruzko aipamen zehatzik ez zaio egiten Udalari. Bai ordea bi iragarpen. Batetik, esan bezala, onartu berri duten proiektuaren argibideak laster plazaratuko dituzte GAO bidez. Eta bigarrenik, "epe laburrean hasiera emango zaie emakida berrian bildutako zerbitzuen kontrataziorako proiektua lizitatzeko izapideei".
Urratsak ematen joan ahala informatzen joango direla erantzun dio Gipuzkoako Foru Aldundiak Usurbilgo Udalari. "Gure gardentasun-konpromisoaren esparruan, emakida berria onartu, esleitu eta abian jartzearekin zerikusia duten garrantzizko gai guztien inguruko informazioa emango dugu unean-unean".
Gipuzkoako Foru Aldundiak helarazitako gutunaren aurrean, Udaletik sare sozialen bidez erantzun dutenez, "Aldundiak berriz ere ez digu bidali aurrez idatzizko informaziorik autobus-zerbitzuan egingo dituen aldaketei buruz, eta Udalak eta herritarrek egindako alegazioei emandako erantzunaren berri buletinean izango dugu. #murrizketarikez".
Ospitaleetako lineari buruzko aipamenik ez gutunean
Esandakoa, gutun horretan ez da Usurbildik ospitaleetara doan autobus zerbitzuaren gaineko aipamenik egiten. Duela bi hilabete, Udalak Foru Aldundiarekin eginiko bileran Diputazioak onartu berri duen proiektuaren gaineko zenbait xehetasun aurreratu zitzaizkien Usurbilgo udal ordezkariei. Batetik, Usurbildik eta Zubietatik barrena Hernanirantz doan autobus zerbitzua bere horretan mantenduko zutela. Aldiz, ospitaleetara doana ezabatu egingo zutela. Zehaztasunok ahoz jakinarazi zitzaizkion Udalari.
Xabier Arregi alkateak eta Jone Urdapilleta zinegotziak Aldundiko mugikortasun-diputatu Marisol Garmendiarekin izandako bilera ostean grabatu zuten ondoko bideoan bilkura harek emandakoaren gaineko balorazioa plazaratu zuten.
Aipatu moduan, Garmendiak ahoz jakinarazi zien, Usurbildik ospitaleetara doan autobus zerbitzua ezabatu egingo dutela erabiltze gutxi dituela argudiatuta eta aldiz, Zubietatik barrena Hernanirantz doan autobus zerbitzua bere horretan mantenduko dutela.
Diputazioak hartutako erabakiarekiko desadostasuna agertu zuen Udalak eta hitza hartzeko aukera ukatu izana salatu zuten. "Iruditzen zaigu ezin dela linea hori kendu, batetik herritarrei eta Udalari aukera eman gabe parte hartze aktiboaren bidez ze beste aukera dauden aztertzeko. Eta bestetik, iruditzen zaigulako oinarrizko zerbitzuetan irizpide ekonomizista soilak erabiltzea ez dela egokia", adierazi zuen Xabier Arregi alkateak, albiste honi atxikia duzuen Udalak grabaturiko bideoan.
Alkateak lehendik esan izan dutena berretsi zuen. "Zerbitzu hori bereziki sentsiblea, garrantzitsua dela, ospitaleetara doan jendea behartua dagoelako, eta gainera, gizarteko sektore ahulenak dira horren erabiltzaileak. Hori kentzeak badu esanahi kualitatiboa ere eta handia gainera".
Albiste honi atxikitako bideoaren egilea: Usurbilgo Udala.