Buruntzaldea eta Tolosaldeko autobus zerbitzuen gaineko proiektu berria onartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 11a, 11:57

Astearte honetan Diputatuen Kontseiluak eginiko bileran Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren “Tolosa, N-I eta Buruntzaldea, eta Donostiarekin dituzten loturak” proiektua onartu du. Aurrera begirako Buruntzaldeko eta Tolosaldeako autobus zerbitzuak berrantolatu eta baldintzatuko duena. Linea berriak eta hobekuntzak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Linea berriek Tolosa eta Lasarte-Oria zuzenean Donostiarekin lotzeko komunikazioak indartzen dituzte, eskualde osoaren eta ospitaleen zonaren arteko komunikazioa hobetzen dute, eta gaueko eta puntako orduetako zerbitzuak indartzen dituzte", adierazi dute Diputaziotik, prentsa ohar bidez. 

Guztira, 18 linea erregular, iraunkor eta orokorrez (14 egunez, 4 gauetarako) osaturiko kontzesioa izango omen da. Erabiltzaileen eskaera handiagoa antzeman duten ibilbide eta ordutegietan zerbitzua indartzeko apustua egin du Foru Aldundiak. Esaterako, Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria eta Donostia artean, 162 zerbitzu eskaintzetik 173 eskaintzera igaroko dira. N-1 errepidean barrena, edota Urumea bailaran, asteburuetako zerbitzua indartuko dutela iragarri dute. "Onartutako proiektuan garraio publikoko zerbitzu gehiago eskaintzen dira, herritarrek gehien eskatutako ibilbideetan zerbitzu hobea ematen du, eta Tolosarako eta Buruntzalderako mugikortasun-eredu iraunkorrago baterako bidean aurrerapauso bat da”, adierazi du Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasuneko foru diputatuak.

Ospitaleetarako linea

Usurbili dagokion aipamen zehatzik ez da egiten Foru Aldundiak argitara emandako oharrean. Gogoan izan, maiatza hasieran Usurbilgo Udalak Diputazioko Mugikortasun Departamenduko ordezkaritzarekin izandako bileran, Usurbil eta Zubietatik Hernanirantz doan linea mantenduko dutela baina udalerri honetatik ospitaleetara doan zerbitzua ezabatuko dutela esan zitzaien Usurbilgo udal ordezkariei ahoz. Ospitaleetarako eskainiko diren autobus zerbitzuei dagokienez honakoa aipatu du Foru Aldundiak. "Ospitaleen zonarekin lotura bermatuko da, baita asteburuetan ere, 46 zerbitzu berrien bitartez", diote Diputazioatik.

Mugikortasuneko diputatuaren esaldi honekin laburbildu du eskualde honetan izango den eskaintza: “Buruntzaldean garraio publiko gehiago mugikortasun iraunkorrago baterako”. 

Lehiaketa bidezko esleipena

Diputatuen Kontseiluak Tolosaldea eta Buruntzaldeako autobus zerbitzuen gaineko proiektua onartu ostean, iragarri dutenez, "lehiaketa publiko bidez haiek esleitzeko lizitazio-tramiteak hasiko dira". Aurrez, proiektuaren gaineko xehetasunak, laster ezagutu ahalko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.