Erraustegia hornitzeko goi tentsioko linea eraikitzen hastetik hurbilago

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 11a, 13:41

Erraustegia hornituko duen goi tentsioko linea eraikitzen hasiko diren unea hurbiltzen ari da. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Gipuzkoako lurralde-ordezkariak “132 kV-ko linea elektrikoa: AP8 euskarria aldatzea, Hernani-Azpeitia 1 eta 2 linea elektrikoa Zubieta TAE azpiestaziorako adarrari lotzeko, Urnieta eta Hernani udal-mugarteetan” proiektua egikaritu eta “onura publikoko deklaratzea” erabaki du, uztailaren 9ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak argitaraturikoaren arabera. Lanak urtebeteko epean jarriko dira martxan.

Lasartek ere baimendua

Erraustegia hornituko duen goi tentsioko linea proiektua gauzatzen hastea gertuago dago, egitasmo haren aurkako 300 sinadura baino gehiago bildu arren, Lasarte-Oriako Udalak erraustegirako goi-tentsioko linea baimendu duela berri eman zuen ekaina hasieran Eguzki talde ekologistak. “Alkateak sinatutako Dekretu baten bidez 132 kV goi-tentsioko obra lizentzia ematen zaio GHK-ri”. Aire Garbia herri plataformatik adierazi dutenez, “ziur gaude askoz zorrotzago joka zezakeela Udalak lasarteoriatarron osasun, ekonomia eta ingurumenaren defentsan. Baina ez du egin. Ezin diogu Akateari sinetsi esaten duenean lasarteoriatar gehiengoaren nahia defendatuko duela, nahiz eta bera ados ez egon. Lasarteoriatar gehienok ez dugu Erraustegia nahi. Ederki daki hori Alkate jaunak eta, nahi izanez gero, askoz zorrotzago izan zitekeen gure ume, heldu eta adinekoen osasunaren defentsan. Lasarte-Oriako lur, landaredi eta faunaren errespetuan eta defentsan”.

Goi tentsioko linearen aurka

Zubietako erraustegia sare orokorrera lotzeko goi-tentsioko linearen aurkako agerraldia egin zuten maiatzaren 2an Lasarte-Orian, bertako Aire Garbia herri plataformak deituta. Eskaera bikoitza egin zioten udalari. "Udalaren jabetzako lurzoruetan goi-tentsioko linea pasatzeko baimenik ez ematea eta erraustegia sare orokorrarekin lotuko duen 132 kV-ko goi-tentsioko linea egiteko obra lizentzia ez ematea". Berri eman zutenez, iazko abenduaren 17an eskatu zuen Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) aipatu linea hau eraitzeko obra lizentzia Lasarteko udaletxean. Eskaeroi babesa emateko sinadurak biltzen aritu ziren Lasarten, eta ekimen horren testuinguruan egin zuen duela hilabeteko agerraldia.

Urte luzez kezkatuak agertu dira erraustegiak maila ekonomikoan eta ingurumen mailan izango duen eraginaz, kasu honetan, Hernani eta Azpeitia lotuko dituen goi-tentsioko lineagatik. Linea honek Urnieta, Lasarte eta Donostia aldekoak diren Zubieta inguruko lurrak zeharkatuko ditu, eta Donostialdeko PTP-ak aurreikusitakoa baino eragin handiagoa izango du "Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) aukeratutako trazadoak", udalerriko lurretan gehiago sartuko baita. "Ondorioz, handiagoak izango dira Lasarte-Oriak pairatuko dituen eragin ekonomiko eta ingurumenezkoak".

Eragin larria zuhaizti bakarrenetakoan

Eraiki ezina den lur eremutik igaroko da eta 7 dorre altxatu beharko dira, "horietatik, bost babestutako baso-eremuetan daude kokatuta eta beste biak babes bereziko landa-eremuetan". Lur gainezko trazadoaz gain, airekoan Babes Bereziko landa-eremu baten gainetik pasatzen da hiru aldiz. "Lur-eremu horietako batzuen jabetza, Lasarte-Oriako Udalarena da". 

Lan hauek egiteko "sarbideak, pistak ireki edo egokitu edota zimenduak jartzeko lanak egin beharko dira", eta horretarako, "lur mugimenduak, zuhaitz mozketak, landarediak garbitu, lurzorua okupatu eta erabilera aldatu, paisaia aldatu...". Eta horrek eragin nabarmena izango du ingurunean. "Lurzoru eta zuhaitz landarediaren galerak gertatuko dira, eta baita aldaketak faunan ere. Aurrera begira, inpaktu inportanteena paisaian eta hegazti faunan gertatuko dira". 

Eta eragin larria baso landaredian, eta Lasartek duen zuhaizti bakarrenetakoan. Bost dorre "zuhaitz autoktonoengandik hurbil kokatuko dira, arizti azidofilo-baso mistoaren motakoak (aritzak, haltzak, gaztainondoak, lizarrak, pagoak, hurritzak, elorri zuriak, gorostiak, elorri beltzak...)". 

Mendi martxa

Goi tentsioko linea hau nondik igaro eta zer eragin izango zuen ezagutzeko aukera izan zen urte hasieran, Erraustegiaren Aurkako Mugimenduaren eskutik. Azkortera mendi martxa antolatu zuten.

Goi tentsioko lineak eragin nabarmena izango du ingurumenean. "Linea osoan, bataz besteko 40 metroko zabaleran, zuhaitzak moztu egingo dira, eta ezin izango da berririk landatu", zehaztu zuten Erraustegiaren Aurkako Mugimendutik. 

Proiektua zertan den ere zehaztu zuten. "Une honetan proiektua Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren Ingurumen Eraginaren Deklarazioaren zain dago. Behin tramite hori gaindituta, deklarazioa jendaurrean jarri beharko da eta helegiteak jartzeko tartea zabalduko da. Ondoren, Industria Sailera joango litzateke proiektua eta hark baimendu ostean, lur desjabetzeak eta eraikuntza lanak hasiko lirateke. Obra Iberdrolak egin eta kudeatuko luke".

Honatx Erraustegiaren Aurkako Mugimenduak proiektuari lotuta plazaratu zituen zenbaki gehiago:

-132 kilovolteko potentzia izango du.

-Urtean 160.000 megawatt sortzeko gaitasuna.

-Soilik erraustegia hornitzeko eraiki nahi da.

-Linearen luzeera: 5.422 metro.

-Linearen "ibilbidea": erraustegia eraikiko den gunetik Urnieta eta Hernani arteko mugatik gertu, A-15 autobide ondoraino. "Han, Santa Barbara azpitik Usurbildik datorren goi tentsioko linearekin bat egingo luke".

-50 metro karratuko lur eremua okupatuko luketen 30-36 metro arteko 21 dorre eraiki nahi dituzte.

https://youtu.be/vng6kGLkjTQ