Euriaren mehatxua dela eta, ostegun gauean (uztailak 5) plazan beharrean Sutegin abiatu zuten Laboaren Uztaila zikloa, Igor Arzuaga "Mara" bakarlariarekin. Gaur ere euritara jotzen badu Sutegin egingo da bigarren emanaldia, bestela Mikel Laboa plazan, 22:00etan hasita. Joseba Irazoki izango da musika ziklo honetara antolakuntzak gonbidatu duen bigarren bakarlaria.
"Gitarrista polifazetikoa da Joseba Irazoki, konposizioan ez ezik inprobisazioaren munduan ere gogo biziz barneratzen dena. Folka, rocka, psikodelia, bluesa,... eta tresnen esperimentazioa hartzen ditu bere baitan, proposamen artistiko harrigarri eta sailkaezina osatuz. Umorea eta birtuosismoa barra-barra. Honako talde eta proiektutan dabil edo ibili da besteak beste: Aton Rhumba, Petti eta Rafa Rueda, Duncan Dhu, Mikel Erentxun, Nacho Vegas, Maixa eta Ixiar, Do, On Benito,... Gitarra elektrikoa, ahotsa eta bonboa izango ditu lagun bakar taula gainean, gizon orkestrako repertorioa errepasatuko duelarik eta horrez gain, azken urteetan osatu duen taldearekin jotzen dituen abestiak ere ekarriko ditu".
Musikarien lanen zozketa
Oparo dator Laboaren Uztailaren laugarren edizioa; aurrez boletoak eskuratu dituztenen artean, musikari ezberdinen diskak zozketatuz. Lehen zozketa duela astebete egin zuten. Honako hauek izan ziren zenbaki sarituak: 225, 10, 187, 101, 34, 164, 220, 109. Oharra: saria jasotzeko ostegun honetako kontzertura joateko deia egiten diete saridunei, antolatzaileek.
Laboaren Uztaila, datozen kontzertuak
Ordua: 22:00.
Tokia: Mikel Laboa plaza (eguraldi txarrarekin, Sutegin).
-Uztailak 12, Joseba Irazoki.
-Uztailak 19, Mikel Uraken.
-Uztailak 26, Sokartean.