Eiza saltokia lehenik, Etxebeste eta Sekaña gero… Urte luzez aginagarren bilguneak izan direnak ixten doaz pixkanaka. Azkena, Arrate jubilatuen elkarteko taberna izan da. Kontratu amaiera tarteko, ekaina amaieran itxi zuten, bertako arduradunak bederatzi urteko ibilbidea egin ostean. Merezitako agurra jaso du azken asteotan, eskolako kide eta jubilatu elkartekoen aldetik.
Hilabete hasieratik itxita dago honenbestez, Aginagako Arrate Elkartearen taberna. Zerbitzu hau esleitzeko prozedura abiatu duela berri eman du orain Usurbilgo Udalak. Deialdian parte hartzeko oinarriak argitaratu dituzte. Eskabideak aurkezteko, gaurtik (uztailak 12) hasita, uztailaren 26ra arteko epea dute interesdunek. Honatx xehetasun gehiago:
-Eskaini beharreko zerbitzuak: taberna kudeatzea, taberna-jantokiaren mantenu, ustiapen eta garbiketa; komunen eta tabernatik beherako eskilara eta beheko sarreraren garbiketa; zahar egoitzako gelen atezaintza-lanak.
-Kontratuaren iraupena: urtebetekoa, 4 urte betera arte luzagarria.
-Prezioa: 25 euro, gutxieneko hileroko kuota (+%21eko BEZ-a, guztira 30,25 euro).
-Eskabideen aurkezpena: uztailaren 12tik 26ra, udal erregistroan edo postaz bidalita.
-B2 hizkuntza gaitasun maila egiaztatzea.
-Elikagaien manipulatzaile titulua izatea.
Informazio gehiago, usurbil.eus atarian (“Kontratatzailearen profila” atalean).