"1968ko aldarri batzuk Euskal Herrira ere iritsi ziren"

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 12a, 18:18

Gaur goizean abiatu da ‘Utopia 68/18 iruditeria berrien bila’ izeneko ikastaroa. 68ko maiatza ardatz hartu eta utopia gaur non dagoen aztertzen ari dira Artzabal baserriko bilera gelan.

Harrera eta material banaketaren ondoren, Lorea Agirrek egin du sarrera moduko hitzaldia. Munduko txoko askotan bezala, “Euskal Herrian ere hamarkada erabakigarria izan zen. Bai aurretik eta bai ondoren ere”. Jakin Fundazioko zuzendariaren esanetan, “Parisen, Berlinen, Pragan edota Mexikon planteatzen ari ziren aldarri berri batzuk Euskal Herrira ere iritsi ziren –Iparraldera eta Hegoaldera modu diferentean iritsiko ziren seguruenik–”. 1968. urtearen bueltan, “gu geure historia propioan ari ginen aldarri horiek geurera ekartzen”. Edota aldarri propioak garatzen: Ikastolen mugimendua, euskara batua eta helduen alfabetatzea, euskal kantagintza berria, Gaur talde artistikoa, literaturaren modernotzea... “Gizaki berri baten esperantza zuten mugimendu kulturalak” , Lorea Agirreren esanetan. Sarrera hitzaldia osorik jaso dugu ondoko bideoan.

Amaia Lasa idazlea, Alba Garmendia EHUko Filosofia Saileko doktoregaia eta Edu Apodaka EHUko soziologia irakaslearen solasaldiekin osatu da goizeko jarduna. Arratsaldean, Uzuri Aboitiz Universitat de Barcelonako Gizarte Antropologia Saileko doktoregaia eta Bego Zearreta Bizkaiko adinekoen egoitzetako langile grebalariaren txanda izango da. Arratsaldeko bi hizlariak 'Zaintzaren Utopia' gaiaren inguruan arituko dira.

Jakin Fundazioak, UEUk eta Usurbilgo Udalak elkarlanean antolaturiko jardunaldiak bihar arte luzatuko dira. Egitarauaren xehetasunak, ondoko estekan: Utopia 68/18: iruditeria berrien bila.