Ekaitzagatik alerta laranjan astelehen goizaldetik eguerdira

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 15a, 11:01

Azken egunon antzera, ekaitz giroa iragarri dute hurrengo orduotarako. Igande arratsaldeko 17:00etatik 22:00etara abisu horian izango gara euri zaparradengatik. "EAEko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, eta baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra egitea. Ekaitz-guneetan baliteke haize-bolada gogorrak edo oso gogorrak izatea", ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. 

Goizaldeko 3:00etan alerta laranja jarriko dute indarrean, astelehen eguerdira arte, "prezipitazio handiagatik". Iragarri dutenez, "Kantauri isurialdeko zenbait tokitan ordubetean 30 l/m² baino gehiago pila daitezke. Zaparrada ertain-handiak eta trumoitsuak botako ditu, iraunkorrak eta oso ugariak, eta baliteke zenbait tokitan oso handiak izatea", ohartarazi dute.

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Uztailak 15, igandea

"Giro nahasia izango dugu gaur ere. Dena den, goiza lasaiagoa izango da, eta zeruan hodeiak eta ostarteak ikusiko ditugu. Arratsaldetik aurrera, berriz, bero-hodeiak garatuko dira eta zaparrada trumoitsuak botako ditu hainbat tokitan. Gaurkoan ere, ez da baztertzen zenbait txokotan zaparradak handiak izatea eta txingorra botatzea. Ipar-haizea nagusituko da egunaren bigarren partean eta tenperatura maximoak 24 eta 30 ºC artean ibiliko dira".

Uztailak 16, astelehena

"Astelehenean zaparradak botako ditu, batez ere kantauri isurialdean, eta tenperaturak behera egingo du. Hodeiak ugariak izango dira egunaren lehen zatian, eta zaparradak edonon botako ditu, mardulagoak ipar partean, eta bereziki kostaldean. Gainera, goizaldean eta goizean goiz, zaparradak handiak izan litezke. Arratsaldean hobera egingo du. Atertzera egin eta hodeiak gutxituz joango dira, beraz ere barnealdean. Ipar-mendebaldeko haizea zakar ibiliko da, kostaldean batez ere, eta tenperatura jaitsaraziko du; maximoak 22 eta 25 ºC artean geratuko dira".

Uztailak 17, asteartea

"Asteartean hobera egingo du giroak. Goizean zerua hodeitsu egongo da, ipar isurialdean batez ere, baina orduak igaro ahala, eta bereziki arratsaldean, ostarteak irekiko dira, zabalagoak barnealdean. Eguerditik aurrera haizea iparraldetik finkatuko da eta tenperatura pare bat gradu igoko da astelehenekoarekin alderatuz".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus