Usurbilen erosten zuenak uda honetan sari potoloa izango zuela iragarri zuten. Eta saria gaur banatu dute; guztira 1.300 euro, hiru herritarren artean. Berrialagunak diren Usurbilgo saltokietan azken asteotan erosketak egin dituztenen artean, hiru lagun saritu dituzte gaur. 500 euroko sari bana jaso dute Joseba Irazabalek eta Andoni Aizpeoleak. Josune Aranburuk Tipi Tapan parte hartu dutenen arteko 300 euro saria. Zorionak!
Ekimena Berriak, Usurbilgo Udalak, Hurbilago Elkarteak eta Berrialaguna kanpainarekin bat egin duten ostalari eta merkatariek sustatu dute. Gaurko zozketan parte hartzeko egin beharrekoa erraza zen; Usurbilen erosi, Usurbilen kontsumitu, Berrialagunak ziren saltokietan. Uztailaren 13ra arte, dendetan erosketak egiten diren bakoitzean boleto bat jaso du bezeroak. Boleto hauek eskuratu dituzten herritarren artean egin da zozketa.
Denok irabazle
Berriak 31 babesle ditu, 31 Berrialagun Usurbilgo establezimenduen artean. Kanpainan parte hartuz, Berria babestu nahi izan da noski. Halere, "helburua denok irabaztea" zela azpimarratu izan dute sustatzaileek; Berriak, euskarak, Usurbilgo merkatari eta ostalariek eta herritarrek.