Herri eragileen eta herritarren atxikimenduak biltzeko ahaleginean segitzen du, urte amaierako Euskaraldia Usurbilen antolatzeko lanean den herritarren batzordeak. Aldizkari honekin batera, euskararen erabilera areagotzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra ospatuko den ekimenaren gaineko xehetasunak biltzen dituen eta parte hartzeko gonbita luzatzen duen eskuorria jasoko duzue. Herritarrentzako izen ematea irailaren 20an zabalduko da. “Ahobizi” edo “Belarriprest” gisara parte hartu ahalko da Euskaraldian, edota antolaketa lanetan ekarpenak eginez. Hurrengo batzar irekirako hitzordua ere finkatu dute; irailaren 6rako 18:00etan Potxoenean.
EUSKARALDIA: HERRI AGERRALDIKO ADIERAZPENA
Gu, hemen gaudenok Usurbilgo Euskaraldia batzordeko kideak gara. Batzorde honetan Usurbilgo hainbat talde eta erakunde daude; Udala, NOAUA! K.E., Udarregi Ikastola, Etumeta AEK euskaltegia, eta batez ere herritarrak. Zerk batzen gaitu? Ba euskararen erabilera indartu nahi izateak. Jakingo duzue, honez gero, erabilera horrek ez duela aurrera egiten azken aldian. Euskararen erabilera indartu, hori da gure asmoa. Lagun gehiago jarri nahi dugu euskaraz hizketan eta badakigu posiblea dela gainera. Horretarako proposamen bat egin nahi dizuegu, ariketa bat egin nahi dugu herritarrekin eta esperimentu berri hau plazaratzeko bi puntutan oinarritu gara. Lehenengoa, badago jende multzo handia euskara ulertzen duena baina hitz egiten ez duena euskaraz. Usurbilen ia 1.000 lagun dira, ez dira gutxi. Horiekin ere euskaraz egin ahal izatea ez litzateke kontu makala, nahiz eta haiek erdaraz erantzun.
Bigarrena, ohiturak aldatzeko gonbidapen bat da. Ohitura aldatzea ez da erraza, eta gainera denbora behar da. Ohitura aldatzeak esfortzua eskatzen du. Beraz, hizkuntza ohiturak epe batez aldatzea proposatzen dizuegu. Esperimentu honi Euskaraldia izena emango diogu.
Euskaraldia oso esperimentu sinplea izango da. Ados jarriko gara euskaraz hitz egin ahal eta nahi dugunok, "Ahobiziak" alegia eta euskaraz hitz egin ez, baina ulertu eta entzun nahi dugunok, "Belarriprestak". 11 egun pasako dugu ahal dugun guztietan euskaraz. Hori egin nahi genuke azaroaren 23tik abenduaren 3ra.
Edonork har dezake parte, bi baldintza baino ez dira bete behar. Lehenengoa, noski, euskara hitz egin edo ulertzea, eta bigarrena, 16 urte baino gehiago izatea. Animatzen bazarete, irailean ikasturtearekin batera hasiko da izen ematea. Baina lasai, egongo da hau guztia polikiago azaltzeko aukera. Azken asteotan, ideia hau kontatu diegu herriko hainbat talde eta elkarteri, eta gaur hemen elkartu gara familia argazkia egiteko.
Oso pozik gaude erantzun ona jaso dugulako, herritar eta talde askok emana. Gaur ez gara bildu baietza emandako guztiak, ezin izan dugu, azkar ibili gara. Gainera espero dugu jende gehiagorekin hitz egin ahal izatea eta lagun gehiago biltzea egitasmo honetara. Hau lehenengo pausoa besterik ez da, abian jartzeko lehen urratsa. Seguru gaude, hain jende ona batuta, guztion artean lortuko dugula herrikideak euskaraz gehiagotan entzun ahal izatea. Gogoratuko duzue nola aritu ginen Usurbilen antolatutako Kilometroetan. Orduan bai saiatu, orduan bai ederra erakustaldia. Tira, gogoratu parte hartzea librea dela! Zuek animatzen bazarete edo zuen elkarteak, jarri harremanetan eta poz pozik erantzungo dizuegu.
11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra
Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?
Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.
Nola egingo dugu?
Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:
Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Zer da hamaikakoa?
Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Euskaraldia ekimenean ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dute. Horretarako, gainera, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, lankide/ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.
Zer lortu nahi dugu?
-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
Non egingo dugu?
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan... Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.
Nork har dezake parte?
16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena:
-Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
-Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.
Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!
Eta bitartean, zer egin dezakegu?
Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.
HERRITARREN IZEN EMATEA: irailaren 20tik aurrera.