Lau urterako hitzarmena berritu dute Garabide Elkarteak eta Udalak

Noaua Aldizkaria 2018ko uztailaren 19a

Usurbilgo Udalak sare sozialen bidez berri eman duenez, beste lau urterako berritu du Garabide Elkartearekin duen hitzarmena. Xede argi batekin; Udaletik aditzera eman dutenez, "garapen-bidean dauden herrietan hizkuntza normalizatzeko egitasmoak sustatzen jarraitzeko". Hitzarmen honen testuinguruan, 6.000 euroko laguntza emango dio Garabideri.

Garapen-bidean diren herrietako hizkuntzak normalizatze lanetan

Kooperazio era berrian lan egiten, esperientzien elkartrukean oinarritzen den lankidetza sustatzen urteak daramatza Garabide Elkarteak. Denbora darama, garapen-bidean diren herrietako hizkuntza normalizatzeko egitasmoak bultzatzen. Helburuokin:

1.- Garapen bidean dauden herrietako hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta.

2.- Norabide horretan, munduko Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuetako eragileekin lankidetza proiektuak garatzea. Lankidetza proiektu horiek hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren garapen-alor batzuetan gauzatzen dira, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz.

3.- Euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek Hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea, horretarako markoa eta bideak eskainiz.

Informazio gehiago: garabide.eus

Irudia: Usurbilgo Udala.