Irailaren 21etik 29ra ospatuko den Donostiako 66. Zinemaldiko xehetasunak ezagutarazten doaz antolatzaileak pixkanaka. Duela astebete, iazko udazkenean Usurbilen eta Aginagan, Koldo Almandoz zinemagile donostiarraren gidaritzapean grabatu zen "Oreina" filma, Zuzendari Berrien atalean lehiatuko dela iragarri zuten.
Irailaren 28an estreinatuko dute zinema aretoetan. Txintxua Films-ek ekoitzi du "Oreina", ETB-k parte hartu du proiektuan eta Eusko Jaurlaritzak lagundu du. Ekoiztetxe honek estreinatzear du bigarren film bat ere aurten, 2018an; "Dantza". Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetetika eta koreografia berriekin islatu eta Telmo Esnal zarauztarrak zuzendutako film honek ere Usurbilekin lotura estua du. Usurbildarrak ageri dira eta, dantzan noski; Orbeldi D.T.-ko kideak.
Ostiral honetan, Telmo Esnal zarauztarraren hirugarren luzemetraia, "Dantza" filma, lehiaketatik kanpo, Sail Ofizialean proiektatuko dutela berri eman dute. "Telmo Esnalen azken lana dugu, Dantza, Glocal in Progress Industria sariaren irabazle izandakoa iaz, Europan hizkuntza ez-hegemonikoetan egindako ekoizpenetarako jardueraren lehen edizioan", berri eman dute Zinemaldiko antolatzaileek. "Glocal in Progress" zikloaren baitan hain zuzen garai hartan, postprodukzio-fasean leuden hiru film erakutsi zitzakizekin, zinema industria munduko kideei, proiektuok amaitu eta nazioartean banatzen lagundu zezaten.
Usurbildarrak, Leitzako grabazioan
Euskal Herriko hainbat txokoetan grabatzen aritu da Esnal azken urteotan. Tartean, iazko maiatzean Leitzan (Nafarroa). Hantxe, grabazio haietan parte hartu zuen Orbeldi Dantza Taldeak.
Euskal dantza tradizionalak ikuspuntu berritzailetik, doinu, estetetika eta koreografia berriekin islatuko ditu, "Dantza", Telmo Esnal zarauztarra, Koldobika Jauregi artistarekin eta gai honi buruzko ikertzaile Juan Antonio Urbeltzekin batera, azken lau urteotan lantzen ari diren proiektuak. Esnalek aspalditik nahi zuen grabatu, dantza erdigunean jarriko zuen ikus-entzunezko lan bat. Zinegileaz gain, dantzaria ere bai baita zarauztarra.
2017an zehar film honen hainbat eszena grabatzen aritu ziren Euskal Herriko hainbat txokoetan, dantza talde ezberdinekin. Tartean, iazko maiatzean usurbildarrekin. Leitzan (Nafarroa) izandako grabazioetan parte hartu zuten Orbeldi Dantza Taldeko kideek Añorgako Arkaitz dantza taldekoekin eta beste hainbat talderekin batera. Proiektu honetan guztira, 8-82 urte arteko 250 agertuko dira. Besteak beste, Donostia, Iruñea, Eibar, Elgoibar, Deba, Añorga, Beasain, Zarautz, Portugalete, Gasteiz, Andoain, Baigorri, Astigarraga, Mallabia... udalerri guztiotako eta gehiagotako dantzariak.
Leitzako grabazioan bertan atera zuten talde argazkia duzue albiste honi atxikia. "Dantza" filma, 2018an estreinatzea aurreikusten dute. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, aurten ikusi ahalko dugun ikus-entzunezkoaren aurrerapentxo bat.