Hilabeteko azken asteartean deitu ohi dute udalbatzarraren osoko bilkura. Uztailekoa hilaren 31n egokitu eta jai eguna izango denez, astebete aurreratu dute; uztailaren 24ra alegia. Betiko ordu eta lekuan egingo da plenoa; arratsaldeko 18:00etan hasita, udalbatza aretoan. Eguneko gaien artean, oraingoan, urte amaieran ospatuko den Euskaraldia. Euskararen erabilera areagotzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri mailan egingo den ekimena udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena bozkatuko dute udal ordezkariek, eta aldaketarik ez bada, onartu ere bai.
Gogoan izan, irailaren 20an irekiko da Euskaraldian izen emateko epea. Aste honetako NOAUA! aldizkariarekin batera jasoko duzuen eskuorrian dituzue, ekimen honen gaineko xehetasun guztiak baita parte hartzeko dituzuen bideak ere.
EUSKARALDIA, DATOZEN DEIALDIAK
Uztailak 24, asteartea
18:00 Udalbatzarraren osoko bilkura, Usurbilgo Udaleko pleno aretoan. Euskaraldia, eguneko gai zerrendan:
1-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2018ko ekainaren 18tik uztailaren 6ra (2018/0689-2018/0792).
2-2018/0851 dekretuaren berri ematea.
3-HAAStako A-78 (Zapategi) eremuko hirigintza ezaugarrien Aldaketa Puntuala sustatzeko Michelin España y Portugal, S.A., Gureak Lanean S.A., Elkarlanean Fundazioa eta Usurbilgo Udalaren artean izenpetu beharreko Hirigintza Hitzarmena hasierako izaeraz ontzat ematea.
4-Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena.
5-Galdera-eskaerak.
Irailak 6, osteguna
18:00 Euskaraldia antolatzeko batzar irekia Potxoenean.
Irailak 20, osteguna
Euskaraldian izen emateko epearen irekiera.
11 EGUN EUSKARAZ-2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra
Zer egin dezakegu euskal hiztunok euskararen erabilera areagotzeko?
Galderak hainbat erantzun ditu, baina, guk, hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa bat proposatzen dizuegu: 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean egin dezagun euskaraz. Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake.
Nola egingo dugu?
Ondoko bi roletako bat har dezagun 11 egunez:
Ahobizi: ulertzen duenari euskaraz egingo diot, hark erdaraz erantzun arren. Ezezagunei lehen hitza, gutxienez, euskaraz egingo diet.
Belarriprest: egidazu euskaraz, nik ulertzen dut eta. Agian erdaraz erantzungo dizut, baina zuk niri euskaraz egitea nahi dut.
Zer da hamaikakoa?
Hamaika laguneko taldea da hamaikakoa, inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez arituko direnak. Euskaraldia ekimenean ahobizi edo belarriprest izatea erabaki dute. Horretarako, gainera, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, lankide/ikaskide edo ezagun parte hartzeko aktibatzen saiatuko dira.
Zer lortu nahi dugu?
-Gure harremanetan hizkuntzarekin ditugun inertziak astintzea eta uste baino gehiagotan euskarazko komunikazioa posible dela frogatzea.
-Euskal Herrian euskara ulertzen duen jendea pentsatzen duguna banio gehiago dela jabearaztea eta euskara gehiagotan erabili dezakegula ikusaraztea.
-Hizkuntza ohiturak aldatzea norberaren hautua eta ariketa izan arren, bidea taldean eta batera, erosoago eta lagunduago egitea.
-Euskara erabiltzeko testuinguru eta egoera berriak, abegikorragoak eta babestuagoak sortzea.
Non egingo dugu?
Bakoitzak bere inguruan, bere ohiko harreman sareetan egitea proposatzen dugu: familian, lagunartean, lanean, eskolan, dendetan... Horretarako, herriz herri antolatuko gara, baita enpresa, ikasketa zentro eta era guztietako elkarte zein entitateka ere. Nahi duzun lekuan izena eman, eta ondoren, zure ingurukoekin parte hartu proposatzen dizugun ariketa honetan.
Nork har dezake parte?
16 urtetik gorako herritarrek eman dezakegu izena:
-Ahobizi izateko, euskaraz hitz egiten jakin behar da.
-Belarriprest izateko euskara ulertu behar da.
Irizpideak betez gero, norberak erabakiko du zein roletan izena eman. 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra, Ahobizi edo Belarriprest ikurra soinean eraman, eta hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa egingo dugu!
Eta bitartean, zer egin dezakegu?
Herriz herri eta hainbat enpresa eta entitatetan antolatzen ari diren batzordeetan parte har dezakezu. Herriko eragile eta euskaltzaleek antolatutako batzordeetan zure ekarpena egin eta inguruan Ahobizi eta Belarriprest berriak aktibatzen denok egin dezakegu gure ekarpena.
HERRITARREN IZEN EMATEA: irailaren 20tik aurrera.