Onartezintzat jo dute, Aldundiak autobus zerbitzuen lineak berritzeko proiektuan agertutako errespetu falta

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 20a, 14:21

"Horrela gaude, ezertan eragiteko inongo aukerarik gabe", zioen Usurbilgo Udaleko alkate Xabier Arregik, Hernani eta Andoaingo udal ordezkariekin batera ostiral goiz honetan, Donostiako Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren egoitza atarian egin duten agerraldian.

Gipuzkoako Foru Aldundiak egunotan Gipuzkoako autobus zerbitzuetara aldaketak eta murrizketak ekarriko dituen proiektua onartu du.  Gai honetan, prozesu osoan zehar Aldundiak izandako jarrera salatzeko bildu ditu udal ordezkariok Diputazio aurrean. "Sinestezina eta onartezina da Foru Aldundia erakusten ari den errespetu falta, bai errespetu instituzional falta eta bai herritarrekiko errespetu falta. Jarrera antzekoa izan du prozesu osoan", adierazi dute Usurbilgo, Hernaniko eta Andoaingo udal ordezkariek gaurko agerraldian.

Prozesu osoan zehar izan den gardentasun falta salatu eta haserrea adierazi dute, hitza hartu eta parte hartzeko, ekarpenak egiteko aukera ukatu zaielako bai udalei baita herritarrei ere. "Prozesua itxia izan da, erabat opakoa, ez dugu parte hartzeko aktiborako inolako aukerarik izan eta zirrikituren bat ireki badute, beti izan da jendartearen eta udal batzuen presioagiatik", salatu dute.

"Oso argi utzi dute nork agintzen duen"

Gogoan izan, 5.000 alegazio eta 7.000 sinadura bildu dira Aldundiak iaz plazaratu zuen aurreproiektuan planteatu ziren autobus zerbitzuen murrizketen aurka eta herritarren iritzia aintzakotzat hartua izatea eskatzeko. Proiektuaren xehetasunak laster emango ditu ezagutzera Foru Aldundiak, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialaren bidez. Hala jakinarazi die gai hau kudeatzen ari den Diputazioko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Foru Diputatu Marisol Garmendiak gutun bidez udalei. Aipatu aldizkariaren bidez emango dute ezagutzera udal eta herritarrek aurkezturiko milaka alegazioetatik zeintzuk onartu eta zeintzuk alboratuko dituzten, Aldundiak bestela jokatuko zuela hitz emana zuen arren. "Ahoz zein idatziz eskatu genion diputatuari proiektua argitaratu aurretik udaloi bidaltzeko. Baietz esan zigun, baina gaur arte. Beraz hitza ez dute bete, oso argi utzi dute nork agintzen duen", adierazi dute gaurko agerraldian.

Maiatzean egin zuten bilkuran ahoz esan zitzaiena baino ez dakite. Usurbildik atera gabe, esaterako, herri hau ospitaleekin lotzen duen autobus linea kentzekoa dela Aldundia. Hasiera batean, Usurbildik Hernanira doan zerbitzuan ere Zubietako geltokia kenduko zutela iragarri arren, badirudi, ezetz, bere horretan mantendu asmo dutela zerbitzu hau. Lehenago, aurreproiektua onartu zenean, udal batzuk propio eskatutako bileretan Aldunditik esan zitzaienez, "lehentasuna irizpide tekniko eta ekonomikoek izan zutela. Alegia, zerbitzuen erabiltzaile kopurua eta errentagarritasun ekonomikoa izan zirela. Bere unean adierazi genien, gure ustez errentagarritasun ekonomikoaren irizpidea edo hori bakarrik behintzat ez zela egokiena, eta behintzat errentagarritasun sozialaren irizpideak ere horren pareko beharko lukeela izan. Erakunde publikoek hori ahaztea arduragabekeria izugarria iruditzen zaigu. Zerbitzu batzuetan izan liteke, bidaiari kopuru handiegirik ez izatea, baina horiek kenduz edo murriztuz gero, kontuan hartu behar da zein kolektiko kaltetzen diren. Eta kasu honetan, kaltetzen diren kolektiboak, emakumeenak eta adineko pertsonenak dira tamalez".

Egoera honen aurrean, udalok beren haserrea adierazi nahi dute, "ez delako bidezkoa herritarrengan hainbeste eragin duen zerbitzu batean herritarren iritzia kontuan hartu gabe halako murrizketak eta aldaketak egitea. Marisol Garmendia, prozesu guztian zehar, herritarren bizkar aritu da eta zentzu horretan salatu nahi genuke, Foru Aldundiarentzat hainbeste garrantzia izan edo zutabe nagusitzat erabiltzen dituzten partaidetza eta gobernantza eredu berriaren printzipioak proiektu honetan hutsaren hurrengo izan direla".