GAO-k emango ditu ezagutzera, Foru Aldundiak autobus zerbitzuetan egingo dituen aldaketak

Noaua Aldizkaria 2018ko uzt. 20a, 14:00

Uztailaren 10ean Diputatuen Kontseiluak eginiko bileran, Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketa Departamentuaren “Tolosa, N-I eta Buruntzaldea, eta Donostiarekin dituzten loturak” proiektua onartu zuten. Aurrera begirako Buruntzaldeko eta Tolosaldeako autobus zerbitzuak berrantolatu eta baldintzatuko duena. Linea berriak eta hobekuntzak iragarri ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak. "Linea berriek Tolosa eta Lasarte-Oria zuzenean Donostiarekin lotzeko komunikazioak indartzen dituzte, eskualde osoaren eta ospitaleen zonaren arteko komunikazioa hobetzen dute, eta gaueko eta puntako orduetako zerbitzuak indartzen dituzte", adierazi dute Diputaziotik, prentsa ohar bidez. 

Guztira, 18 linea erregular, iraunkor eta orokorrez (14 egunez, 4 gauetarako) osaturiko kontzesioa izango omen da. Erabiltzaileen eskaera handiagoa antzeman duten ibilbide eta ordutegietan zerbitzua indartzeko apustua egin du Foru Aldundiak. Esaterako, Tolosa, Andoain, Lasarte-Oria eta Donostia artean, 162 zerbitzu eskaintzetik 173 eskaintzera igaroko dira. N-1 errepidean barrena, edota Urumea bailaran, asteburuetako zerbitzua indartuko dutela iragarri dute. "Onartutako proiektuan garraio publikoko zerbitzu gehiago eskaintzen dira, herritarrek gehien eskatutako ibilbideetan zerbitzu hobea ematen du, eta Tolosarako eta Buruntzalderako mugikortasun-eredu iraunkorrago baterako bidean aurrerapauso bat da”, adierazi du Marisol Garmendia, Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasuneko foru diputatuak.

Ospitaleetarako linea

Usurbili dagokion aipamen zehatzik ez da egiten Foru Aldundiak argitara emandako oharrean. Gogoan izan, maiatza hasieran Usurbilgo Udalak Diputazioko Mugikortasun Departamenduko ordezkaritzarekin izandako bileran, Usurbil eta Zubietatik Hernanirantz doan linea mantenduko dutela baina udalerri honetatik ospitaleetara doan zerbitzua ezabatuko dutela esan zitzaien Usurbilgo udal ordezkariei ahoz. Ospitaleetarako eskainiko diren autobus zerbitzuei dagokienez honakoa aipatu du Foru Aldundiak. "Ospitaleen zonarekin lotura bermatuko da, baita asteburuetan ere, 46 zerbitzu berrien bitartez", diote Diputazioatik.

Mugikortasuneko diputatuaren esaldi honekin laburbildu du eskualde honetan izango den eskaintza: “Buruntzaldean garraio publiko gehiago mugikortasun iraunkorrago baterako”. 

Lehiaketa bidezko esleipena

Diputatuen Kontseiluak Tolosaldea eta Buruntzaldeako autobus zerbitzuen gaineko proiektua onartu ostean, iragarri dutenez, "lehiaketa publiko bidez haiek esleitzeko lizitazio-tramiteak hasiko dira". Aurrez, proiektuaren gaineko xehetasunak, laster ezagutu ahalko dira Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Hala adierazi die Aldundiak gutun bidez udalei.

7.000 sinadura eta 5.000 alegazio

Gipuzkoako Foru Aldundiak uztailaren 10ean onartu zuen Buruntzaldea eta Tolosaldeko autobus zerbitzuak berrantolatuko dituen proiektua. 

Murrizketon aurka agertu izan dira behin baino gehiagotan azken hilabeteotan, autobus gidariak, herritarrak, eragileak, hainbat udaletako ordezkariak... Gai honekiko kezka atzetik dator. Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 8an zerbitzuak berregokitzeko aurreproiektua aurkeztu zuenetik. Hainbat murrizketa planteatzen zituen, gerora autobus gidariek, hainbat udaletako alkateek (tartean Usurbilgoak) eta herritarrek salatuko zuten moduan. Berehala, murrizketok bertan behera utzi eta gaia elkarrizketaren eta adostasunaren bidetik konpontzea galdegiteko alegazioak aurkeztera deitu zitzaien herritarrei.

Garraio zerbitzuetan aplikatu asmo zituen murrizketen aurkako hainbat ekimen izan dira azken hilabeteotan. Autobus gidari edota herritarrak biltzen dituen Murrizketarik Ez! plataformak Buruntzaldean eta Tolosaldean jasotako 7.000 sinadura erregistratu zituen otsailaren 27an Gipuzkoako Foru Aldundian. Ibaetako EHU-ren kanpus ondoan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamenduaren egoitza atarian, Julio Caro Baroja plazatik Gipuzkoa plazaraino egindako martxaren amaieran izan zen.

Eskubide sozialen defentsan

Plataformakoen esanetan, gizarteko sektore ahulenei eragingo dieten %30-60 arteko murrizketak planteatu ditu Aldundiak, eta langileen heren bat, 30 lagun lanik gabe gera daitezke. Murrizketon aurka 5.000 alegaziotik eta 7.000 alegaziotik gora bildu dituzte Buruntzaldean eta Tolosaldean. “Guk oso garbi dugu zerbitzu publikoen suntsipenen aurrean, eskubide sozialen defentsan jardungo dugu”, iragarri zuten. Gizartearen interesak ekonomikoen gainetik jartzea eskatu zuten, eta guztioi eragiten diguten erabakietan herritarrek parte hartu ahal izatea. Foru Aldundiari erabiltzaile eta autobus gidarientzat ahalik eta kalte gutxien sortuko duen adostunera heltzeko negoziazio mahaia zabaltzea eskatzen zioten. 

Murrizketak, herritarrentzat ez ezik, gidarientzat ere kaltegarri liratekeela adierazia dute eta gidariek. Aurreproiektua aplikatuko balitz, "litekeena da 30 langiletik hora lanpostu galtzea".

https://youtu.be/LN1WIWfxnAo

https://youtu.be/xzeDKBuGUuQ

Usurbilgo Udala ere, garraio zerbitzu publikoetako murrizketen aurka

Ia 2.000 herritarrek aurkeztu zituzten urriaren 23ra arte finkatua zegoen epearen baitan, Gipuzkoako Foru Aldundiak garraio zerbitzu publikoetan aplikatu asmo dituen murrizketen aurkako alegazioak. Udalak ere gauza bera egin zuen. Horrez gain, gai honi lotutako mozioa onartu zuen udalbatzak urriaren 31n egin zuten osoko bilkuran, EHBildu eta EAJ-ko ordezkarien babesarekin. Aurka bozkatu zuen PSE-k.