Estreinakoz antolatu dute Zubietako jaietan, kirola eta kultura, pilota eta bertso zaletuak bateratuko dituen bertso pala jaialdia. Izenak dioen moduan, bi jardunak uztartuko dituen saioa iragarri dute uztailaren 25erako. Parte hartzaileen artean, bi lehengusu ariko dira nor baino nor; Miriam Arrillaga palan eta Markel Eizagirre bertsotan.
NOAUA! Nondik jaso duzue bertso pala jaialdian parte hartzeko gonbita?
Miriam Arrillaga: Zizurkilen ikusi nuen, gauza polita iruditu zitzaidan. Zerbait berria zela iruditu zitzaidan, herriarentzat ere desberdina. Jai Batzordean proposatu nuen, gustatu zitzaien eta aurrera egin dugu.
Markel Eizagirre: Gonbita Miriamen bidez jaso nuen. Bertso pala ekimena egiteko asmoa zuela eta ia bertsoan egingo nuen. Dudarik gabe baietz, halako plazak ez ditugu askotan izaten. Azkenean bi zarauztar ariko gara bertsotan eta lau jokalari palan.
Ohiko pala partida izango da, bertsoek girotua ordea.
M.A.: Ohiko pala partida izango da bai. Atsedenaldietan bertsotan arituko dira, animo gisara. Bertsoei ere garrantzia emateagatik gelditu beharko dugu dezentetan.
Esperientzia berria izango da hau biontzat?
M.E.: Bai, egia esan duela egun batzuk egokitu zait bertso pilota jaialdi batean parte hartzea, baina pilotari gisa. Behin edo behin tokatu izan zait ikustea. Miriamek aipatu moduan, lauazpost tanto jokatu eta bertsotarako etenaldia egingo da. Pala jokalari bikote bakoitzak botillero bana izango du. Botillero horiek, kasu honetan, bertsotan ariko dira.
Zer bertso entzungo ditugu, partidara begirakoak? Handik kanpo, inprobisatuak?
M.E.: Partidekin lotutakoak bai baita Zubietari lotutakoak ere. Erraustegiarekin ere zerbait joango da. Giro pixka bat jartzeko publikoarekin sartu beharko da. Ez dadila pala partida batean geratu.
Zer iruditzen zaizue geroz eta ohikoagoa den formatu nahasketa hau? Bi diziplinak aberastuko ditu.
M.E.: Bertsoarekin bai hainbat konbinaketa egin izan dira; bertso musikatuak adibidez. Kirolarekin, edo beste edozein kultur ekitaldiekin konbinatzen da. Esperimentuak orain arte ondo atera dira. Arriskatu edo pauso bat aurrera eman behar da.
Publiko zabalagoa eta berria erakartzeko aukera emango du.
M.E.: Esparru ezberdinetako jendea erakartzen du. Bertso pala jaialdira, pilotazaleak ere joango dira eta bertso zaletuak ere zergatik ez.
Ekitaldi berezia izango da lehengusuontzat. Bat palan, bestea bertsotan, lehia bizian.
M.E.: Jai Batzordetik oraindik ez digute abisurik pasa. Ez dakit oraindik lehengusuaren alde edo aurka egin beharko dudan. Ez dakit zer nahiago dudan ere, baina familia arteko halako ekimen bat publiko aurrean egitea polita izaten da beti. Gainera festa giroan are gehiago.
Lau pala jokalari, baina herritarra zeu bakarra Miriam. Gainerako kideak, nortzuk dira?
M.A.: Nirekin jokatuko duena Larrarte bidaniarra izango da. Kontra, Leire Galdos oiartzuarra eta Ane Maiza zizurkildarra.
Ezagunak izango dituzu noski zure jardunetik?
M.A.: Bai, nire klubekoak dira denak. Proposatu nien, baiezkoa eman zidaten. Ez da oso erraza festetan jendea ekartzea eta behintzat taldea osatu dugu eta ez da gutxi.
“Esperimentu berri bat da hau"
NOAUA! Denboraldi honen balantzea egin beharko bazenu, zer esan Miriam?
M.A.: Urria aldera hasten gara eta maiatzera arte, lauzpabost txapelketa izaten ditugu. Gero udan berez atsedenaldia, baina ezin. Nahiko gustura nago eginiko denboraldiarekin. Orain Palentzian egon naiz txapelketa bat jolasten, esperientzia berri bat. Aurrera segida emango diogu honi.
Arraun munduan ibilia, bertsotarako jauzia nolakoa izan zen Markel?
M.E.: Arraun mundua utzia dut egia esan. Halere, Aginagako festetan trainerillak baldin badaude, bi aldiz pentsatu gabe joango gara. Bertsotan 9 urterekin hasi ginen bertso eskolan. Etortzen diren sariketa txiki horiei beti baiezkoa emanez nabil. Osinalde, Goierri aldean egiten den sariketa batean parte hartu izan dut, Zarauzko Lizardin eta gero herrira begirako ekitaldietan, Sagardo Eguna, edo Santa Agendan. Txapelketa zalea ez naiz. Egia esan, Zubieta bezalako plaza, niretzako moduko saltsa da hori. Halako eskaera bati ezin zaio ezetzik esan.
Zubietako saiora doanak zer aurkituko du?
M.E.: Zubieta bezalako herri txiki batean oso giro gozoa. Esperimentu berri bat da hau. Zubietarrak ezagututa, giro onik ez da faltako.
M.A.: Zerbait berria izanda jendea etorriko da.