Apustu sendoa gainera, Usurbilgo Udalak bideratuko duena. Erreka garbitu eta ingurua biziberritu nahi du, “espazio horri aire berria eman”, gunearen erabilera handitu eta usurbildarrek erreka honekin duten harremana indartu.
Horretarako, batetik, Aranerrekatik Kalezarrera igotzeko eskilarak berritzeko lanak amaitzear ditu Udalak eta laster, eskilaren ondoan, eremu berdean jolaserako elementuak jartzekoak dira. “Espazio publikoa berrantolatzeko egindako Kale Irekiak parte-hartze prozesuan herriko haurrekin egindako saioetan egindako eskaera izan zen horixe bera: parkean jolaserako elementuak jartzeko. Urak Bide taldeak osatu du proiektua. Hala, ingurua kontuan hartuta eta integrazioa zainduz atonduko da parkea”.
Uraren kalitatearen azterketa
Lanokin batera, Aranerrekaren uraren kalitatea aztertu eta erreka garbitzeko neurriak hartuko ditu Usurbilgo Udalak. Horretarako, 50 urte bete dituen Añarbeko Urak-ek mankomunitateko udalerriek urarekin zerikusia duten ekintzak finantzatzeko egitasmoa abiatu du. Udalak diru-laguntza hau baliatu nahi izan du hain zuzen, Aranerreka garbitzeko. “Ekolur enpresari esleitu zaio zeregin hori”, ohartarazi dute. Ur kalitatea aztertuko dute lehenbizi, eta horretarako, isurketak neurtzeko “saneamendu azpiegiturak ikuskatuko ditu Ekolurrek”, Udalak ohartarazi duenez. Lanok abuztuan bideratu asmo dituzte baserrietan. Aranerrekaren ur kalitatea hobetuko luketen ekintzak gauzatzea aurreikusten du abendurako. Horren berri emango die Udalak herritarrei. 10.000 euroko inbertsioa bideratuko du egitasmo honetara.
Irudi-muntaia: Udala.