Hilerri zaharra, behin betiko itxita

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 16a, 07:50

Akabo, herri erdigunean izan dugun hilerri zaharrak berea egin du. Osasun Sailak ofizialki itxi du. Oraindik hormak zutik diren arren, barruko eremua hutsik dago jada, Udaletik gogorarazi duten moduan, “hilerri izaera” galdu du. Orain, lur eremu honek “onespen guztiak ditu beste zerbait izateko” zioten udal gobernu taldetik azken osoko bilkuran. Egin beharreko txukuntze lanen ostean, tokiari arnasa eman nahi dio Udalak, etorkizunean espazio horrek zer izan behar duen erabaki aurretik.

Modu honetan amaiera eman dio Udalak hilerri zaharra husteko hilabete luzeko lan prozesuari. Zereginotan, Usurbilgo Gonzalez Ehorztetxea izan dute bidelagun. Victor Gonzalezek bideratu duten ezohiko lanketaren gaineko xehetasunak eskaini dizkigu lerrootan.

 

NOAUA! Non abiatzen da zuen lana?

Victor Gonzalez: 2016an erabakitzen da ixtea. Udalak proposatzen du nola hustu behar den hilerria. Modurik zuzenenean egin da. Herriari jakinarazi zaio eskura zeuden baliabideetatik, epe motzean gorpuak ateratzen hasiko zela Udala eta gorpuak berreskuratu nahi zituzten guztiei eskariak egiteko aukera jakinarazi zuen. Ehorztetxe gisa zerbitzu hau eskaini genuen. Prozesua iazko martxoa edo apirila aldera abiatu genuen, gure ehorztetxearen eta udal brigadaren artean. Gugana jotzen zuten guztiek udalean eskaera bat egin behar zuten, udalak eskaera baimendu eta orduan ateratzen zen lurpetik gorpua. Udaletik, hilerri berrian panteoi berriak eskatzeko aukera eskaini zen baita, hilerri zaharrean hildakoa lurperatua zutenek, bertan sartu ahal izateko.

 

NOAUA! Azalduiguzu, nola izan da gorpuak ateratzeko egin duzuen lanketa.

230 baten gorpuak berreskuratzeko eskaerak egin zituzten herritarrek. Sei bat hilabeteko prozesua izan zen, oso modu zorrotzean eginiko lana. Defuntu bakoitza atera zen. Bakoitza identifikatu eta modu independentean erraustu zen. Errauts horiek norenak diren dokumentatu eta familiei entregatu zaizkie dokumentazio zehatzarekin. Nolabait esatearren, modu pertsonalizatuan egin zen. Gorpuak ateratzerakoan, haiek ikustera joan nahi zuten familiei horretarako aukera eman zitzaien, nondik atera ziren ikusteko eta zer atera zen ikusteko. Gero egunean bertan erraustera bidaltzen ziren, eta handik egun batzuetara errautsak entregatzen ziren. Gure ehorztetxeak ere errautsak deposituan uzteko aukera eskaini zuen, doan, jende asko baitzegoen errautsekin zer egin ez zekiena. Hori guztia amaituta, azken hildakoa atera ostean, prozesua eten zen. Denbora bat eman zen, eta gero hilerri zaharraren itxiera prozesua abiatzen da. Kasu honetan, guri eta gaiotan espezializatuak dauden enpresei laguntza eskatu zitzaien, gorpuak ateratzeko. Hilerri zaharra osorik hustutzen hasi ginen. Prozesu hau beste modu batean bideratu zen, lurpean nahiz panteoietan dauden hildakoen arrastoak atera ziren. Gero gu arduratu gara, defuntu horiek errausketa-labera eraman, erraustu eta gero, hilerri berriko errautsen parke berrira eramateaz, han lurperatzeko. Errautsen parkea lau eremutan zatitua dago. Bat, soilik hilerri zaharretik zetozen errautsentzat erabiltzea adostu zen.

“Hilerri zaharrean  zeuden gorpuak atera, erraustu eta hilerri berriko Errautsen Parkean lurperatu dituzte”

NOAUA! Zenbat gorpu atera dituzue guztira?

1.500 bat bai ziur gutxi gorabehera. Halere, ez da Usurbilen hustu den lehen hilerria. Duela 10 urte, Usurbilgo komentukoa hustu genuen. Komentua eraitsi baino lehen, bertan lurperatuak zeuden 156 monja atera eta hilerri berrira eraman genituen.

 

NOAUA! Lan gogorra izango zen ziur, denbora, mimo eta sentsibilitate handia eskatuko zuena.

Defuntuak direla ulertu behar dugu. Kontu handiz lan egin da, inor ez mintzeko. Herritarrak dira, barruak mugiarazten ditu horrek. Gure lanetako bat, senideekin kudeatu beharrekoa, beren defuntuen gorpuak ikustea izan da. Beti gurekin batera joaten ziren, defuntuak ikusi nahi zituzten senideak. Beste pertsona batzuk ez zuten ikusi nahi izan. Heriotzak inoiz ez dira ahazten, denbora pasa ahala mina toleratzen zoaz. Lasaitzen doa egoera. Baina hilerri zahar baten hustutzearen aurrean, sentimendu horiek guztiak azaleratzen dira berriz. Egoera pixka bat lasaitzen ahalegintzen gara, nahiz egia esan oso zaila izan.

 

NOAUA! Lan egiteko modu hau ohikoa da?

Hilerrietan urte kopuru bat igarotzean handik ateratzen dira hildakoak. Baina Usurbilen, maila honetan, urtebeteko epean, milatik gora defuntu atera beharra herri batean, oso salbuespenezko egoera bat da. Guk ez dugu berriz halakorik biziko. Herriarentzat ere ulertzen dut salbuespenezko egoera izan dela hau.

 

NOAUA! Espazio hau nola irudikatu behar dugu aurrerantzean?

Behin hildakoak atera eta erabat saneatu ostean, txukuntze lanak egingo dituzte. Eremu irekian bilakatuko da eremua. Hilerri zaharra XIX. mendetik dago hor. Etorkizunean, hilerri zaharra desagertzean ingurua aldatuko da.

 

NOAUA! Ez da arrastorik geratuko.

Ez. Berezia da hilerri zaharra, bi zati ditu. Usurbilgo hilerri zaharra garai batean, egun denaren erdia zen. Atetik sartu eta hasieran dagoen zen eremu zaharrena. XIX. mendetik 1987ra arte lurperatu ziren bertan hildakoak. Zati berria eraiki zen gero.

“Hilerri guztiek dituzte mugak”

NOAUA! Denbora bat pasa eta lekua uzteko gorpuak ateratzeko lanek segida izango dute etorkizunean hilerri berrian ezta?

Victor Gonzalez: Hilerri guztiek dituzte mugak. Usurbilen halere oraindik espazio nahikoa bada eta lur eremu handia dago, hilerri bezala hazteko ere. Usurbilgo hilerrian, benetan leku falta egon arte ez dute derrigortzen inoren gorpua ateratzera. Baten bat atera bada, eskakizun pribatu bat egon delako izan da, gorpua beste lekuren batera eramateko, edo senideek panteoi bat eskuratu eta hara eraman nahi zutelako.

 

NOAUA! Honek ere balio behar digu jabetzeko, hilerrian ere aldi baterako daudela gorpuak.

Jakintzat ematen dugu maite dugun hori betiko hor egongo dela eta beti joan ahalko zarela hilerrira bisitatzera, baina ez da hala. Halere Usurbilen, berrogei urtetik gora lurperatua zeraman gorpurik atera izan dut. Beste hilerri batzuetan, 15 urteko epealdia finkatzen da, urte horiek igarota gorpua hilerritik ateratzen da. Baina Usurbilgo eredua ondo dagoela deritzot, ez nuke aldatuko. Jendeak badaki denbora zehaztu gabe bat izan dezakeela hilerrira joateko, nahiz orain joerak aldatzen ari diren. Gazteen artean hildakoak erraustu eta hildakoak nahi zuen lekuren batean uzteko joera handiagoa dago. Halere, hildakoak lurperatu eta hilerrira joateko ohitura handia dago oraindik.

“Errautsen Parkeak irtenbide ezberdin bat eskaintzen du, errautsekin zer egin erabakitzerakoan”

NOAUA! Hilerri berriak ere orain aukera zabalagoa eskaintzen du, errautsen parkearekin.

Orain arte bi aukera ematen ziren, hilerrira joan nahi zutenen artean; lurperatu edo kolunbario batean sartzea, errauts ontzi batean. Baina orain, errautsen parkearekin sortu den aukera oso polita da. Errautsen Parkeak irtenbide ezberdin bat eskaintzen du, errautsekin zer egin erabakitzerakoan. Prozesua ikusgarria da. Parkeko hartxintxar zuriak kentzen dira, errautsak banatzen dira bertan, hartxintxarrekin estali eta gero ihinztagailuek botatako urak parkearen hondora arrastatzen ditu errautsak, parkearekin, lurrarekin bat eginez. Oso alternatiba polita da, errautsak nora eraman jakin ez eta gero hildakoa non bisitatu ez duenarentzat.