Usurbilgo Udalbatzak ez-ohiko batzarra egin zuen uztailaren 24an. Aztergaien artean, bi nagusi zeuden: Zapategi eremuko hirigintza ezaugarrien aldaketa puntuala onartzea eta Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena. Aho batez onartu ziren biak.
Elkarlanean Fundazioak eta Gureak SA enpresak Urbil ondoko lur eremuan finkatuko dituzte euren egoitza nagusiak. Zapategi eremuan, Michelinek hutsik dituen lurretan, zehatzago esanda. Horretarako, lur eremuko izaera aldatu beharra dago eta Usurbilgo herriaren parte denez, Udalak bideratu behar du aldaketa. Proposamena aho batez onartu da. Egitasmoaren lehen urratsa baino ez da. Ondoren etorriko da eraikitze-proiektua aurkezteko garaia. Egitasmoa erabat egikaritu arte, denbora bat pasako da.
Ucin eta aire kalitatea
Plenoaren amaieran galderen tartea zabaldu zen. Josune Urkola EAJko bozeramaileak Ucin aferaz galde egin zuen, egunotan airearen kalitatea nolakoa den jakin nahian. Eskumena ez dela udalarena erantzun zioten udal gobernutik. Airearen kalitatea neurtzeko kabinen egoeraz ere galde egin zuen EAJk, baina aurrerapenik ez dela izan erantzun zitzaion udal gobernutik. Bere horretan jarraitzen du gaiak.
Abuztuan, Alaitz Aizpurua izango da alkatea
Udako oporraldian, Alaitz Aizpuruak beteko ditu Xabier Arregiren funtzioak. Abuztuaren 1etik 31ra, Alaitz Aizpurua izango da alkatea. Dekretu bidez hartu da erabakia. Udal korporazioari atzoko plenoan jakinarazi zitzaion.