Irailaren 23an igandea, arratsaldeko 16:00etan, Zubietan. Hori da Gipuzkoa Zutik taldeak gaur iragarri duen hitzordua. Ekimen honen bitartez, erraustegia eta makro-kartzela egin nahi dituzten lekuak bisitatuko dituzte.
"Gipuzkoako Aldundia arazo handi bat sortzen ari da alferrikako azpiegitura hau inposatu nahian. 30 kilometroko erradioan bizi garen ehunka milaka lagun arrisku larrian jarriko gaitu, 24 orduz minbizi hodei bat sortzen ariko baita, eta haizeak batera eta bestera mugituko du. Nola onartu halakorik?", ohartarazi dute prentsa ohar bidez. "Munduak erraustegiak atzean utzi behar ditu. Airea kutsatzen, diru publikoa bidegabe xahutzen eta klima berotzen ari dira axolagabe batzuk. Gainera, azken astean hiru erraustegi proiektu bertan behera utzi dituzte: Buenos Airesen bat, Mexiko Hirian beste bat eta Sidneyn azkena. Nola ulertu, jendea bide horri uko egiten ari denean, Gipuzkoan halako bat egitea? Hobe bai erraustegian xahutu nahi duten dirutzaren laurdenaren laurdena jasangarritasunean eta birziklatze tasak hobetzeko neurri errealetan inbertituko balituzte! Oso ongi demostratuta dago, erraustegia ez dela behar, alternatibak badaudela".
Erraustegia gaur egungo politika neoliberalaren sinbolo dela dio Gipuzkoa Zutik taldeak. "Makro-kartzelaren gaiak ere merezi du arreta", diote ohar berean. "Nola onartuko dugu herritarrok erraustegitik 100 metrora izugarrizko kartzela bat eraikitzea? Nola onartu presoak gas kamera horretan sartzea urtetarako? Baina zer arraio da hau?".
Iraultza Txikien Akanpada
Martxak Iraultza Txikien Akanpada izeneko ekimenarekin egingo dut bat: "bestelako Euskal Herri bat amesten duten herri mugimendu eta herritarrentzat Iraultza Txikien Akanpada deitu du Lurralde Askea mugimenduak Zubietan, asteburu horretarako. Deialdiarekin bat egiten dugu", ohartarazi du Gipuzkoa Zutik mugimenduak.