Azken eraso sexista salatzeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 21a, 09:45

 

Abuztuaren 14an herrian jazotako eraso sexista salatzeko elkarretaratzea deitu du Usurbilgo Udalak gaurko (abuztuak 21) 20:00etan Mikel Laboa plazan. "Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu! Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!", aldarrikatuko da gaurko mobilizazioan.

Herritarrak eraso sexistarik gabeko herria izatea aldarrikatzera deitzen ditu Udalak.  "Izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe", adierazi du Udalak ohar bidez.

Udaletik gaineratzen dutenez, "eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere".

 

Informazio gehiago: usurbil.eus