Usurbilgo PSE-EEk gaitzetsi egin du duela astebeteko eraso matxista

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 21a, 11:37

Fermín Orúe zinegotzi sozialistaren esanetan, genero indarkeria ez da eremu pribatuari soilik eragiten dion arazoa. “Alderantziz, gure gizartean existitzen den ezberdintasunaren ikur basatiena da”. Horregatik, egoera larri hauen aurrean ezaxola agertu ohi diren gizon eta emakumeei suspertzeko eskaera egin die, gizarteak ez dituelako horrelako jarrerak onartzen. 

NOAUA!ra igorri duen prentsa-oharrean dioenez, instituzio guztietatik lan egin behar da “emakume guztientzat gizarte seguru eta libre bat lortu ahal izateko”. PSE-EEko zinegotziarentzat ez da onargarria “emakume batzuentzat etxea munduko tokirik arriskutsuena izatea”.

Emakume batek bere bikotekide ohiaren erasoa pairatu zuen abuztuaren 14an Usurbilen. Erasoa salatzeko, Udalak elkarretaratzea deitu du gaurko. 20:00etan batuko dira, Mikel Laboa plazan.