Indarkeria sexista salatzeko elkarretaratze jendetsua, azken erasoaren harira

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 24a, 09:45

Elkarretaratze jendetsua egin zuten asteartean Mikel Laboa plazan, abuztuaren 14an herrian jazotako eraso sexistaren harira. Udalak deitutako mobilizazioan, "Indarkeria sexistarik ez!" aldarriaren bueltan bildu ziren herritar, eta Usurbilgo udal nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak. 

Erasotuari babesa adierazi eta erasoa bera ozen salatu zuten guztiek. Udaletik ohar bidez adierazi duten moduan, "izan ere, argi dugu emakume bat erasotua, iraindua, jazarria den bakoitzean, jendartea bere osotasunean dela erasotua. Horregatik, erasorik ez, erantzunik gabe. Hala, bihar, asteartearekin, 20:00etan, Mikel Laboa Plazan elkarretaratze bat egiteko deia egiten die herritarrei.

Eraso honek garbi erakusten du indarkeria eta eraso sexistak ez direla gertaera isolatu edo salbuespen gisa ulertu behar. Eraso hauek ez dira ero batzuen beroaldia. Emakumeon aurkako erasoak eta jazarpenak giza eskubideen urratze larriak dira, bai eta gizonen eta emakumeon arteko desberdintasun sozialen adierazpiderik bortitzena ere.

Indarkeria matxistarik gabeko Usurbil nahi dugu. Emakumeok libre eta beldurrik gabe bizi nahi dugu!

Indarkeria sexistarik ez! Ez hemen ez inon!".

Irudia: Usurbilgo Udala.