Abisu horia gaurko, beroa eta ekaitzagatik

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 28a, 08:41

Giro aldakor eta nahasia iragarri du Euskalmet meteorologia agentziak astearte honetarako (abuztuak 28). 12:00-18:00 artean, abisu horia izango da indarrean "muturreko tenperatura oso altuengatik". Iragarpenen arabera, "tenperatura maximoek 33 ºC gaindi ditzakete kostaldean eta 36 ºC kantauri barnealdean. Arratsaldeak aurrera egin ahala, tenperatura asko jaitsiko da, lehenbizi kostaldeko mendebaldetik, eta ondoren jaitsiera ekialdera eta barnealdera zabalduz joango da. Beraz, tenperatura maximo altuenak ekialdean neurtuko dira... Donostian, 18etatik (ordu lokala) aurrera mendebal/ipar-mendebaldeko haizea sartzearekin batera jaitsiko da". 

Ordu tarte beretsuan, 14:00-18:00 artean, abisu horia izango da indarrean itsasaldeko arriskuagatik. "Baliteke kostaldean haizea bat-batean eta zakar mendebal/ipar-mendebaldera aldatzea; haizearen norabide aldaketa mendebaldetik ekialdera hedatuko litzateke, haize-boladek 60 km/h-ko abiadura gaindi dezakete eta litekeena da tenperatura 8-10 ºC inguru jaistea".

15:00etatik aurrera, abisu horia izango da indarrean baita gauerdira arte, "prezipitazio handiagatik". Zenbait tokitan, "ordubetean 15 l/m2 baino gehiago pila daitezke. Zenbait lekutan zaparrada trumoitsuak bota ditzake, batez ere ekialdean, eta baliteke txingorra botatzea. Ekaitz guneetan haize-boladak gogorrak edo oso gogorrak izan daitezke".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Abuztuak 28, asteartea

"Bero zakarra eta arratsaldean aldaketa. Goizean eguzkia zabal ageriko da eta hego-ekialdeko haizea bizi biliko da, ufada zakarrekin mendi inguruetan, batez ere ekialdean. Honek tenperaturaren igoera eragingo du eta maximoak 30-35 ºC artekoak izango dira, zenbait txokotan muga hau ere gaindituko dute termometroek. Arratsaldean ordea, egoera aldatu egingo da. Alde batetik, itsasertzean, Bizkaiko kostaldetik hasita, haizea bat-batean ipar-mendebaldera aldatuko da bolada zakarrekin eta tenperatura nabarmen jaitsiko da denbora gutxian eta hodei baxuak sartuz joango dira; haizearen norabide aldaketa ekialderantz hedatuz joango da. Bestalde, bero-hodeiak garatuko dira eta ekaitzak suspertuko dira han eta hemen; zenbait puntutan ekaitzak gogor jo dezake, txingorra utziz eta haizea asko zakartu luteke".

Abuztuak 29, asteazkena

"Fronte bat iritsiko da eta eguraldiak bestelako itxura hartuko du. Ipar-mendebaldeko haize umela ibiliko da eta hodeiak nagusituko dira. Euria egingo du, batez ere ipar isurialdean, bertan mardulago eta sarriago egingo du. Pirinioetan ez da baztertzen ekaitzen bat garatzea. Egunaren bukaeran apurka-apurka atertzeko joera hartuko du eguraldiak. Tenperatura asko jaitsiko da eta eguneko balio beroenak 20 eta 25 ºC artean mugituko dira".

Abuztuak 30, osteguna

"Egunak aurrera egin ahala, hobetzeko joera. Goizeko lehen orduetan hodeiguneak gailenduko dira eta baliteke kostaldetik gertu zirimiria egitea han-hemenka. Hala ere, orduek aurrera egin ahala hodeitza saretzen joango da eta arratsaldean giro eguzkitsua geratuko da denean. Tenperatura pittin bat igo daiteke, baina balio beroenak oraindik 25 ºC-tik behera geratuko dira. Haizea noraezean ibiliko da eta arratsaldean iparraldetik finkatuko da, biziago".

Informazio eguneratua: euskalmet.eus