Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion kofradia ostegunean (abuztuak 30) bilduko da bazkaritarako Saizar Sagardotegian eta lau hamarkadako tradizioa berrituko dute. Baba beltz txikiaren bueltan, jan edanean edota kantuan egiten duten eguerdi parteko jai giroan, 21. kofrade kidea izendatuko dute aurten; Iñaki Almandoz. Bazkaritarako lekua erreserbatzeko eta Saizarrekin hartuemanetan jartzeko: 943 364 597 edo sidrassaizar.com
4 hamarkadako tradizioa
Lau hamarkadako historia ba omen du jada eta erritua hutsik egin gabe ospatzen jarraitzen dute. Abuztuko azken ostegun batean hasi ziren biltzen, eta tradizioa bizi asko mantentzen dute. Berezia izan zuten iazko hitzordua, ekimenari nortasun propioa ematen dioten kapa beltzak janzten hasi zirenetik 20 urte bete baitzituzten.
Baba beltz txikiari gorazarre egiten dion herritar taldeaz ari gara. Iaz ere, koadrila jendetsua aurkitu genuen Saizar Sagardotegian baba txikiari gorazarre egiteko ospakizunetan. Baina nabarmendu zigutenez, bilkura jendetsuagoak izan dituzte iraganean.
Laiak lagundutako erritua
Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera.
Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, bataio moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz. Iaz hogeigarrenez bete zuten erritua. Kofradiak duen ereserkia abestuz, kide berriari ongi etorria eman zioten lehendik kofradekide izendaturikoek. Guztiak Saizar Sagardotegi atarian ateratako ondoko talde argazkian dituzue.