Astebete barru, Europara doa GuraSOS. Gogoan izan, uda aurretik, Zubietako erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen guraso taldeak. Egunotan berri eman duten moduan, "Europako Batzordeak jakinarazi digu gure kexa ikertzen ari dela eta ikerketaren emaitzen berri emango duela ahalik eta lasterren".
Testuinguru honetan, Europara doa GuraSOS; Bruselara, irailaren 4ean eta 5ean, ohar bidez iragarri dutenez, "hainbat eragile sozio-ekonomiko eta parlamentariekin elkartzeko, besteak beste. Bertan, prentsa agerraldi bat egitea aurreikusten da. Eguna, lekua eta ordua finkatzean, jakinaraziko dira".
GuraSOSetik ohartarazi dutenez, Europan erabakitakoak erraustegiaren "kontratuaren etetea ekar dezake. Gipuzkoako erraustegiaren etorkizuna Europaren esku ere badago momentu hauetan! Oraindik ez dago erabakia eta ez da atzera bueltarik gabeko kontua. Etorkizuna idazteke dago eta herritarron esku!".
Iaz Espainiako Senatuan
Bruselara doa hurrengo astean GuraSOS. Ez da halako bidaia bat egiten duen lehen aldia. Iazko uztailean Espainiako Senatuan izan zen. Erraustegiaren finantzazioaren iruzur salaketa Espainiako Gorteetara eraman zuen. Erraustegiaren proiektuak zorpetzearen eta gastu publikoaren gaineko Europako zein Espainiako arautegia ez duela betetzen salatu zuten Senatuan. Hainbat senatarirekin bildu eta gai honi buruz landua zuen dossierra helarazi zien. Lehen pausotzat jo zuten Madrilera egin zuten bidaia. Orduan iragarri zuten Europara joko zuela GuraSOSek.
Erraustegiaren puntu ahula ukitu dutelakoan dira GuraSOSekoak, finantziazioarena alegia,"iruzur handi baten aurrean baikaude. Defizita eta zorren arazoari iruzurra egiten ari zaie eta hor gaude gu eta beste hainbat herritar, hori guztia salatzeko". Gai honetan ziotenez, "Europak izango du azken hitza". Bertan erabakiko da GuraSOSen esanetan, "arrazoia dugun eta hau guztia iruzur handi bat ote den". Hala balitz, iruzur handi baten aurrean bagaude, "erraustegia egingo ez dela baieztatuko den egunaren biharamunerako konponbidean pentsatu beharko da". Eta konponbiderako elkarlan eta akordioan. Hondakinen kudeaketaren auzia, "denon artean konpondu behar dugu, baina ondo, modu onekin, eta legea, baina batez ere herritarren eskubideak errespetatuta", zioten iaz GuraSOSetik.