Reala: "Egun gogorra da gaurkoa txuri-urdin guztientzat"

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 29a, 10:33

Imanol Agirretxe Arrutik Reala eta futbol profesionala utziko dituela iragarri eta berehala, atsekabea agertu du futbol klubak. "Egun gogorra da gaurkoa txuri-urdin guztientzat. Gutako batek, Realeko ‘9’-ak, futbola uztea erabaki du. Momentu tristea da, baina Imanol izan den bezala gogoratu nahi dugu: futbolari bikaina, ereduzkoa lehenengo egunetik azkeneraino. Bere golekin asko poztu gaitu". 

Usurbildarraren 13 urteotako ibilbidea oroitu eta goraipatu du klubak. Usurbildarrak emandakotik bost une nabarmendu ditu Realak. Hasteko, estreinaldiko neurketa. "Bere debuta. 2005eko maiatzaren 8an egin zuen debuta ofizialki Realean. Getafen jokatutako neurketa bat izan zen non etxekoek bi eta huts irabazi zuten. Bere lehenengo pausoa txuri-urdin bezala", nabarmendu dute klubetik.

Etxean, Anoetan jokatu zuen lehen neurketa ere oroitu nahi izan du Realak. "Gola barruan zeramala erakusten hasi zen. Taldeak bat eta hiru galdu zuen Malagaren aurka, baina usurbildarrak sartu zuen gipuzkoarren gola. Hori izan zen lehenengoa, eta guztira 75 ofizial izan dira gurekin", adierazi du klubak.

Igoera

Garaipenen une gozoak ere gogora ekarri nahi izan dituzte. Batetik, "igoera. Momentu ahaztezina realzale guztientzat. Celtaren aurkako garaipenari esker Reala Lehenengo Mailara bueltatu zen, merezi zuen tokira eta Imanolekin batera, non hainbat eta hainbat egun pozgarri eman dizkigun". Eta igoerarekin batera, "Champions League-erako sailkapena. Betirako gogoan izango dugun urtea, garaipen handiekin eta amaiera paregabea Riazorren. Imanolen golak FC Barcelona eta Valencia FC-ren aurka zaleen oroimenean egongo dira betirako".

Lesioek baldintzatu dioten bere ibilbide profesionaleko azken txanpa honen baitan, duela urtebete itzuli zeneko unea ere gogora ekarri nahi izan du Realak. "Groningen taldearen aurkako gola. 2017ko abuztuan, urte eta erdi egon ondoren bere lesioaz sendatzen, Imanol zelaietara bueltatu zen. Egun hunkigarri horretan, zelaira atera eta ia parte hartu zuen lehenengo jokaldian gola iritsi zen bere eskutik". 

Irudia: Real Sociedad.