"Nahikoa ari zait kostatzen hau guztia esatea". Hunkituta, hartutako erabakiarekin ziur, zoriontsu, etapa berriari ekiteko gogotsu, eta batez ere,maila profesionalean egin duen ibilbide oparoan bidelagun izan dituen guztiekin esker oneko agertu da asteazken eguerdi honetan Imanol Agirretxe Arruti, Realak Zubietan duen egoitzan eskaini duen prentsaurrekoan. Taldea eta futbol profesionala utziko dituela iragarri du usurbildarrak gaur goizean, talde txuri urdinak sare sozialetan dituen kontuen bidez.
Albistea protagonistak berak baieztatu du eguerdian, Zubietako agerraldian. Berriki izan duen lesioak bultzatu du erabakia hartzera. Duela astebeteko kontua baino ez da izan. "Erabakia aurreko astean hartu nuen", zioen usurbildarrak hedabideen aurrean. Lesioak zer pentsatu eman diola aitortu du, honakoa zela hartu duen erabakia hartzeko unea.
"Benetan maitatua sentitu naiz uneoro"
Realak egin duen aurredenboraldi oso onaren aurrean, argi zuen, "ezingo nuke hemen egon ehuneko ehunean ez baldin banago". Erabakia hartuta, pozik, zoriontsu eta lasai doala gaineratu du Agirretxek.
Eskerrak eman nahi izan dizkio maila profesional guztian zehar kide izan den klubari. "Beti errespetuz eta maitasun handiz hartu nauzue, hori sentitu eta jaso dut eta hori benetan garrantzitsua da niretzat", adierazi du. Harrobiari, atzetik datozen jokalariak nabarmendu nahi izan ditu. "Gazteak indartsu datoz, balore handiekin eta horrek oso lasai uzten nau", adierazi du Agirretxek.
Esker ona adierazi die baita zaletuei. "Oso pozik nago, oso zoriontsua naiz, maitasun asko jaso dut, benetan maitatua sentitu naiz uneoro bai zelaian eta zelaitik kanpo", zioen. Familiari "eskerrik asko handi bat" helarazi nahi izan dio.
Anoetako omenaldiaz: "Oso berezia izango da"
Azken agurrera hitzartu dita bertaraturikoak; Imanol Agirretxe Arruti usurbildarra, irailaren 15ean omenduko dute Anoetan, Realak Bartzelonaren aurka jokatuko duen neurketan. Une berezia izango da zalantzarik gabe, Agirretxerentzat bere ibilbidea borobiltzeko modu ezinhobea. "Anoetan nire zaletu guztiei agur esatea eta hain maitatua sentitu naizen toki batean gainera, oso berezia izango da", iragarri du usurbildarrak.
Harro agertu da ibilbide osoan zehar kamiseta txuri urdina soinean jantzita eraman izanagatik. "Niretzako amets bat da azken eguneraino kamiseta hau, kolore hauek defendatzen egotea". Eta bukaera ere halakoxea izatea nahi du. "Ametsezko ibilbideari ametsezko bukaera eman nahi diot", adierazi du usurbildarrak.