Eskola Kirolerako proposamen eraberritua aurkeztu zuten Udarregi Ikastolak eta egitasmo honetara batu diren Usurbilgo Udalak eta NOAUA! Kultur Elkarteak joan den ekainean; “Zirimara, gelditu gabe jardunean”. Eredu berri bat sustatzeko beharrak batu ditu eragileok, “kirol ikuspegitik aisialdira jauzia emateko”.
Bi urtez eginiko lanketaren emaitza, uda hasieran aurkeztu zuten Sutegiko auditorioa goraino bete zuten LH 1-4 maila arteko ikasleen gurasoen aurrean. Argi utzi nahi izan zuten, herri dimentsioa eman nahi dion eskaintza eraberritu hau ez doala kirola egitearen aurka, ezta gutxiagorik ere. “Herri honetan kirol eskaintza aberats, on eta kalitatezkoak ditugu”, nabarmentzen zuten Sutegiko aurkezpenean. “Baina falta da esparru horretan, beste eskaintza bat emango duen proposamen bat”, gaineratzen zuten. Aspaldiko kezka bati erantzun nahi diote. Hain zuzen, Eskola Kirolak “aisiak kirola barnebiltzen du, baina kirolak askotan aisia alboratu dezake”. Hutsune hori betetzera dator, irailetik aurrera martxan jarri nahi duten Eskola Kirolari lotutako proposamen eraberrituak.
Proposamen berriak “inklusiboagoa, ziurgabeagoa, anitzagoa, zabalagoa, koherenteagoa” izan nahi du. Esperimentatuz, ikasi, bizi eta gozaraztea bultzatu nahi duena.
Ikaslea bera jarri nahi da erdigunean, bere gaitasun eta beharrak. Ikuspegi argi batekin; “ez goaz lehiatzera, ontzat ematen ditugu bakoitzaren lorpenak”. Aisialdi tartea beraiek kudeatzea ahalbidetu, “denbora librea eskaini beraiei, haien interes eta zaletasunak erakusteko”.
Eta sormenari bidea emateko. Aisialdiko eskaintza hain egituratua egonik, “haien sormena itzaltzen” joaten baita, Sutegin ziotenez. Horregatik, orain arteko ohiko kirol ekintzez gain, eredua zabaldu nahi dute, bestelako jarduerak ere sustatu asmo dituzte. Azken Ikastola Eguneko jolasetan egin zuten moduan, dantza, antzerkia… Orduko hartan, haurrekin batera gurasoek ere parte hartu zuten jolasetan. Egitasmo honetan gurasoek ere eskuhartze aktiboa izatea sustatu nahi da.
Guztia, ohiko kirol instalakuntzetatik kanpo, kalean. “Goazen Kiroldegitik ateratzera, goazen kalera! Usurbil oso zabala da, toki eta esparru desberdinak daude. Naturak emandakoarekin jolastera”, garaian garaiko ekintzak egitea proposatzen dute, herriarekin lotura bilatuz. Herri dimentsioa eman nahi zaio Eskola Kirolari.
Adinean aurrera egin ahala, parte hartzea beherantz
Ekainean Sutegin aurkezturiko proposamen eraberritua, eskolaz kanpoko eskaintza honen gaineko diagnosiaren lanketarekin abiatu zuen Udarregi Ikastolak. Hainbat datu interesgarri bildu zituzten azterlan horretan. Esaterako, LH1- DBH2 artean ikasle ia denek parte hartzen zutela Eskola Kiroleko ekintzaren batean. Aldiz, DBH 3-4 mailetan jaitsiera nabarmena ematen zen, parte hartzeari zegokionean. Are gehiago 18 urtetik gorakoen artean. “Kirola modu egituratuan praktikatzen zuen gazte kopurua %10a zen gutxi gorabehera”, Sutegin berri eman zutenez. Datuotatik ondorioztatu zutenez, ez zen betetzen Eskola Kirolaren helburu nagusia; alegia, ohitura osasuntsuak sustatu eta gerora gazteek kirola egiten jarraitzea.
Datu gehiago. 10 urtetik gorakoen artean, eredu lehiakorra gailentzen zihoala jabetu ziren, Eskola Kirola ez zela inklusiboa, eta jarduera gehienak instalakuntzetan bideratzen zirela, ziurgabetasunik gabe. Kezka eragiten zieten baita, “eskaintza guztia antolatua” egoteak, programazio zehatzik ez egoteak, “kaleko jolas librea desagertzen ari zela” ikusteak eta gaztetxoek euren aisialdiko tartea euren kabuz kudeatzeko aukerarik ez zutela sumatzeak. Hezitzaileen profila kirol mundura gehiago bideratua zegoen diagnosi honen arabera, ekimen honetan ez zen herritarren edo gurasoen parte hartzerik sustatzen eta eskaintzak ez zuen inolako loturarik herriko ekitaldiekin.
Gainera, ikastolak azken urteotan eginiko eraldaketa pedagogikoarekin koherentzia falta zegoela ere ikusi zuten. Datuok eskutan, lan talde bat osatu zuten ikastolako hezitzaileekin eta Hariketan taldearekin, egunotan plazaratu duten proposamenari forma emateko.
Herri dimentsioko egitasmoa
Ikastolak azken urteotan pedagokikoki izan duen eraldaketaren testuinguruan bideratu da Eskola Kiroleko barne hausnarketa prozesua. Egitasmo honetan bidelagunak batu zaizkio orain Udarregi Ikastolari; Usurbilgo Udala eta NOAUA K.E.
Udalak begi onez ikusten du proiektu hau eta beharrezko baliabideak jarriko dituela iragarri zuen Sutegiko aurkezpenean. Hausnarketa sakon batetik abiatutako proiektua da Udalaren esanetan, “ibilbide luzekoa eta handitzen joan nahi duena, herri dimentsioa har dezakeena. Aisialdian eta herri bizitzan kokatu genezakeena”, Alaitz Aizpurua zinegotziak nabarmendu zuenez.
NOAUA! Kultur Elkarteak ere bat egin du proposamen eraberritu honekin. “Lehen unetik gustatu zitzaigun”, zioen kultur elkarteko ordezkari Pello Aranburuk. Erabat bat dator, NOAUA! euskal kulturaren eta euskararen sustatzaile den heinean. Euskara bultzatzeko eremu honetan, aisialdian ere eragiten dihardu gainera. “Faltan botatzen genuen kirol arloan beste zerbait bultzatuko zuen ekimen bat”, zioen Aranburuk. Proposamen honek “etorkizun polita planteatzen du gure ikuspuntutik”.
Aisialdi taldea sortzeko aukera
Sutegin iragarri zutenez, aurrera begira Eskola Kirolaz gain bestelako jarduerak bildu ditzakeen “aisialdi talde bat sortzeko aukera buruan dugu”. Hartuemanetan dira herriko gazteekin. Egitasmo honen sustatzaileen kezka bera partekatzen dute. Kirol jarduera federaturik egiten ez duten gazte askok ez dutela inolako ekintzetan parte hartzen, “haietako askok ez dutela lehia eredu bat nahi”. Elkartzeko aukerak izan badirela diote, “herriari eskaintza zabal bat emateko adin tarte ezberdinetan”.
Astean bitan
Eskola Kirolaren saioen orain arteko formatua bera ere aldatu beharra ikusi dute. Astean bi saio egitea proposatzen dute. Bakoitza bi ordukoa, besteak beste, “haurrei “denbora eman, eseri, eta proposatzen dutena antolatzeko” eta egiteko.
Noiz hasteko: 2018ko irailetik aurrera.
Nori zuzendua: LH 1, 2, 3, 4 mailetako ikasleei.
Bi egun: astearte eta ostegunak, 16:30-18:30 artean.
Astean behin parte hartzea erabakitzen dutenek: LH 1-2 astearteetan, LH 3-4 ostegunetan.
Saioen egituraketa:
16:30-17:00 Harrera eta antolaketa.
17:00-18:15 Atal nagusia.
18:15-18:30 Lasaitzea, saioaren balorazioa.
Hiru hilean behin: familia plana, haur eta gurasoentzat.
Egitasmoaren sustatzaileak: Udarregi Ikastola, Usurbilgo Udala eta NOAUA! K.E.