"Guretzako baba txikia beti izan da altxor bat"

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 30a, 18:14

Iñaki Almandoz Aranburu herritarra. Ostegun bazkaloste honetan izendatu dute kofrade kide berri gisa, baba beltz txikiari gorazarre egiten dion bilguneak. Urteroko erritua bete dute. Jada kofradekide direnak aurkeztu, ereserkia abestu ostean, laiarekin bedeinkatu, kapa eta txapela jantzi eta aurreskua ere dantzatu du Almandozek. Guztia, Saizar Sagardotegian ospatzen ari ziren bazkarian. 

Kofradekide berria pozik eta esker oneko agertu da. Eskerrak eman nahi izan dizkio, bera hautatzea bururatu zitzaionari, "kofradia kideei ez zitzaielako gaizki iruditu" eta jai egun honen antolatzaileei. "Badira urte batzuk etortzen naizela eta oso ondo pasatzen dut", zioen Almandozek.

"Gose piloa kendu du"

Baba beltz txikia goraipatzeko baliatu du tartea. Elikagai honek, Almandozen esanetan, "gose piloa kendu du. Gure etxean asko jaten zen. Oraindik jaten jarraitzen dugu baina ez hainbeste egia esan. Guretzako baba txikia beti izan da altxor bat eta hala izaten jarrai dezala". Baba beltz txikiarekiko soilik ez sorterriarekiko harrotasuna agertu du baita Almandozek, kapa beltz eta txapela jantzi zuten gainerako kofrade kideez inguratua zegoela. 

Urtebete barru lagun berri bat batuko da koadrilara. Kofradekide berriaren izena, gaur aurreratu dute; bazkaltiarren artean zen Rufino Izagirre.

4 hamarkadako tradizioa

Lau hamarkadako historia ba omen du jada eta erritua hutsik egin gabe ospatzen jarraitzen dute. Abuztuko azken ostegun batean hasi ziren biltzen, eta tradizioa bizi asko mantentzen dute. Berezia izan zuten iazko hitzordua, ekimenari nortasun propioa ematen dioten kapa beltzak janzten hasi zirenetik 20 urte bete baitzituzten.

Iaz ere, koadrila jendetsua aurkitu genuen Saizar Sagardotegian baba txikiari gorazarre egiteko ospakizunetan. Baina nabarmendu zigutenez, bilkura jendetsuagoak izan dituzte iraganean.

Laiak lagundutako erritua

Baba txikiari gorazarre egiteko urteroko bilkurak ezinbestekoak diren bi osagai ditu; batetik otordua bera, menua. Bestetik, bazkalostean egin ohi duten erritu modukoa. Bazkariari dagokionez, produktu izarra baba beltz txikia dugu. Eta bazkalostean dator, nolabait esatearren, eguneko une gorena. Kantu giroan urtero kofradiako kide berri bat izendatzen dute, urtebete barrurako kide berria nor izango den iragartzearekin batera.

Hautatutakoari kapa eta txapela jarriz, zin egiteko moduko ospakizuna burutzen dute, lurra lantzeko tresna baten, laiaren laguntzaz. Aurten ere, kofradiak duen ereserkia abestuz, kide berriari ongi etorria eman diote, lehendik kofradekide izendaturikoek.