Tren zerbitzu bereziak igandean, Donostiako estropadetara

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 31a, 08:55

Giro eguzkitsua, uda giro beteko eguna iragarri dute Kontxako Bandera etxeratzeko lehia abiatuko den iraileko lehen igande honetarako, irailaren 2rako. Urtero moduan, Donostiako estropadetara joateko tren zerbitzua indartuko du Euskotrenek. Usurbilen orduotan igaroko da, igande goiz partean: 8:24, 9:24, 9:36, 9:54, 10:24, 10:36, 10:54, 11:24, 11:36. Irailaren 9an, Kontxako Banderaren bigarren eta azken jardunaldian ere tren zerbitzuok izango ditu indarrean Euskotrenek.

Gogoan izan, emakumezkoen proba goizeko 11:00etan hasiko da. Ordubete beranduago gizonezkoena.

Usurbildarrak Kontxan

Ostegun arratsaldean Donostian ospatu zen sailkapen proban osatu zituzten, datozen bi igandeotan Kontxako Bandera jokatuko duten zortzikoteak. Donostiarra ontziarekin batera, zazpina talde ariko dira bai gizonezko zein emakumezkoetan irailaren 2an eta 9an, aipatu oihal preziatua etxeratzeko lehian.

Tartean, usurbildarrak. Emakumezkoetan, jada lekua erreserbatua zuen Donostiarra ontzian ikusiko dugu Nagore Arruti. Atzoko sailkapen proban bigarren postua eskuratu zuen San Juan taldean Sarai Lizaso. Gizonezkoetan, bigarren postuan sailkatu zen oriotarren ontzian, Josu Ostolaza, Jon Agirrezabala eta Odei Arrizabalaga lehiatuko dira. Eta laugarren postuan sailkaturiko Hondarribiaren ontzian, Alex Udabe. Atzo zazpigarren postuan sailkaturiko Santurtzi taldearen atzetik bi segundura baino ez, baina lehiatik kanpo geratu zen Ondarroa. Iaztik taldeko entrenatzailea da Iñaki Errasti aginagarra.

KONTXAKO BANDERA JOKATZEKO SAILKATURIKO TALDEAK

Emakumezkoak

1.- Riveira 11:17,02

2.- San Juan 11:17,14

3.- Orio 11:21,58

4.- Arraun 11:25,52

5.- Kaiku 11:34,44

6.- Hibaika 11:35,02

7.- Tolosaldea 11:40,44

Gizonezkoak

1.- Bermeo Urdaibai: 19:56,16.

2.- Orio: 19:57,26.

3.- Zierbena: 20:00,16.

4.- Hondarribia: 20:02,78.

5.- Cabo: 20:04,68.

6.- San Pedro: 20:05,86.

7.- Santurtzi: 20:09,08.

Kontxako Bandera

Jardunaldi egunak: irailak 2 eta 9.

Ordutegia:

11:00 Emakumezkoen estropadak.

12:00 Gizonezkoen estropadak.