Ikasturte berria, hitzorduz josia datorkigu Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 31a, 11:45

Usurbilgo Udalak kaleratu berri duen kultur agenda dugu horren lekuko zuzena. Hitzorduz josia datorkigu ikasturte hasiera udalerri honetan. Batetik, urte garai honetan ohikoak ditugun hitzorduekin; oraingoan astebetez atzeratuko diren Santueneko jaiekin, aldaketak dakartzan 11. Baxurde Krossarekin, kantu zaleen itzulerarekin edota Masusta Kofradiakoen ospakizunekin.

Datozen hilabeteotan izango ditugun ikastaroetan izen emateko epea zabalduko da gainera. Baina badira nabarmendu beharreko beste bi hitzordu ere. Batetik, azken bost urteotan udaberri partean ospatu izan zen Sagastiak Loretan zikloa. Estreinatzear dugun irailean datorkigu bueltan aurten, bertso ibilaldi, sagar dastatze, hitzaldi, proiekzio eta abarrekin. Tartean, aipatzekoa, Euskal Herriko IV. Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala aurten Usurbilen ospatuko da irailaren 29an.

"Herria Xutan" ekimena

Beste ekitaldi ziklo bat ere iragarri da irailerako. "Herria Xutan" elkartasun ekimena antolatzen dabiltza Usurbilen Nahi Ditugu bilgunea eta herriko gazteak elkarlanean. Ekimenak helburu argia izango du; Usurbildik 600 kilometrora urrunduak dauden Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoei eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoari elkartasuna adierazi eta bizi duten salbuespenezko errealitatea plazaratzea. Xehetasunak ondoko agendak dakartza, baina bada aldaketa bat. Irailaren 21erako iragarria dagoen hitzaldia, hilaren 20ra aurreratu dute.

Iraileko ekitaldien agendaren berri zehatzago hemen duzue. Egunez eguneko hitzorduen berri, Agenda atalean.