"Herria Xutan", Xua, Patxi eta Olatzen aldeko ekimen zikloa irailean

Noaua Aldizkaria 2018ko abu. 31a, 21:29

Hilero moduan, usurbildarrak euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien aurka, dispertsioaren aurka eta dagozkien eskubideen alde mobilizatu berri dira ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan. Amaieran, presoen hurbilketaren gaia hartu dute ahotan. Argi deskribatu dute egun bizi dugun errealitatea zein den. "Presoen apikazko hurbilketaz ari gara. Horrela laburtu genezake gobernuaren jokamoldea", adierazi dute.  

Espainiako Gobernua anbiogutasun eta argitasun falta erakusten ari dela gaineratu dute, "eta horrela doaz egunak eta hilabeteak. Bitartean, urrunketaren lehen afektatuen egoera ezkutatzen segitzen dute. Inork gutxi aipatzen ditu ehunka familien osasunarekin, biziarekin, denborarekin, diruarekin, sufrimenduarekin egiten duten erabilera maltzurra, oinarrizko giza-eskubideak funtsetik urratzen dituena. Horrek normaltasunez onartua den egoera bat izaten jarraitzen du. Espetxe politikaren inguruan egon daitezkeen onurak luparekin aztertzen diren bitartean, milaka herritarrei urrunketaren zigor erantsiak eragiten dizkieten ondorio lazgarriak ezkutatu egiten dira, inork ez du horien ardura hartu nahi".

Testuinguru honetan, espekulazio eta eztabaida faltsuen jokoan erori gabe, lanean jarraituko dutela adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, "egungo espetxe politikaren berehalako desaktibazioa lortzeko, kartzela barruan daudenei zein bere familia eta lagunei ondorio larriak eragiten dien espetxe politika hori justifika ezina baita".

Manifestazioa Bilbon eta "Herria Xutan" Usurbilen

Datozen asteei begira hainbat hitzordu iragarri dituzte. Batetik, urriaren 20an Bilbon Orain Presoak! dinamikak manifestatzeko eginiko deialdia. "Gizarte zibilak hauspotutako iniziatiba honek, espetxe politika krudelarekin amaitzeko dagoen inmobilismoari aurre egiteko beste aukera bat izango da urriaren 2oko manifestazioa". 

Lehenago, Usurbilen, hemendik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean urrunduak dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoari elkartasuna adierazi eta bizi duten errealitatea plazaratzeko ekimen zikloa iragarri dute irailerako. "Hemendik dei egiten dizuegu guztioi, eta bereziki gazteei, parte hartzera", animatu dituzte. 

Honatx iragarriak dituzten ekimenen aurrerapena. Datozen asteotan zehaztasun gehiago eskaintzen joango dira:

"Herria Xutan"

(behin behineko egitaraua)

Irailak 7, ostirala

22:00 "Tximeletak" dokumentalaren proiekzioa frontoian.

Irailak 15, larunbata

22:30 Elkartasun jaialdia Aginagako Eliza Zaharrean. Taldeak: Hortzaka, Artobixar, Pabloven zakurrak eta DJ Seymar. Sarrerak Aitzagan salgai, 3 eurotan. Azken eguna: irailak 14.

Irailak 17-22

"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin.

Irailak 20, osteguna

19:00 Mahai-ingurua, Sutegiko auditoriumean. Hizlariak: “Motxiladun” gazte bat, abokatu bat eta Sara Majarenas preso ohia.

Irailak 28, ostirala

20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.