GuraSOS Europara doa bihar, "Gipuzkoako erraustegiaren izeberg-ak ezkutatzen dituenak azaleratzera"

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 3a, 07:45

Zubietako erraustegiaren iruzur finantzieroa, diru publikoaren zarrastalkeria, eta gabezia demokratikoa, gai honetan egon den, informazio, eztabaida eta parte hartze eza salatzera doa Bruselara GuraSOS, astearte eta asteazken honetan (irailaren 4an eta 5ean). Ohar bidez iragarri dutenez, "hainbat eragile sozio-ekonomiko eta parlamentariekin elkartzeko, besteak beste. Bertan, prentsa agerraldi bat egitea aurreikusten da". Adi egoteko deia egin dute, "ZERO ZONA KANALAtik emisio bereziak emango dira. Harpidetu eta hadi egon!!".

Gogoan izan, uda aurretik, Zubietako erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen guraso taldeak. Ekimenok aurkeztu eta aste gutxira, NOAUA!ri berri eman ziotenez, "Bruselan erregistroa eman diote gure salaketari". Europako Batzordeko Ingurumen Sailetik, “zure salaketa batzordeko zerbitzuek aztertuko dute”, erantzun zioten GuraSOS taldeari. 

Egunotan, salaketa aztertzen dabiltzala eta azterketa honen emaitzak ahal bezain laster jakinaraziko zaizkiela adierazi dio Europar Batzordeak, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeari. "Europar batzordeak jakinarazi digu gure kexa aztertzen dabilela. Gipuzkoako erraustegiaren etorkizuna Europaren esku momentu hauetan! Kontratuaren etetea ekar lezake! Oraindik jokaldi luzea dugu!", adierazi du GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldutako ondoko mezuaren bidez. 

Testuinguru honetan, Europara doa GuraSOS; Bruselara doaz aste hasiera honetan. , irailaren 4ean eta 5ean. 

https://twitter.com/tgurasos/status/1033980164559056896

Iaz Espainiako Senatuan

Bruselara doa aste honetan GuraSOS. Ez da halako bidaia bat egiten duen lehen aldia. Iazko uztailean Espainiako Senatuan izan zen. Erraustegiaren finantzazioaren iruzur salaketa Espainiako Gorteetara eraman zuen. Erraustegiaren proiektuak zorpetzearen eta gastu publikoaren gaineko Europako zein Espainiako arautegia ez duela betetzen salatu zuten Senatuan. Hainbat senatarirekin bildu eta gai honi buruz landua zuen dossierra helarazi zien. Lehen pausotzat jo zuten Madrilera egin zuten bidaia. Orduan iragarri zuten Europara joko zuela GuraSOSek. 

Erraustegiaren puntu ahula ukitu dutelakoan dira GuraSOSekoak, finantziazioarena alegia,"iruzur handi baten aurrean baikaude. Defizita eta zorren arazoari iruzurra egiten ari zaie eta hor gaude gu eta beste hainbat herritar, hori guztia salatzeko".  Gai honetan ziotenez, "Europak izango du azken hitza". Bertan erabakiko da GuraSOSen esanetan, "arrazoia dugun eta hau guztia iruzur handi bat ote den". Hala balitz, iruzur handi baten aurrean bagaude, "erraustegia egingo ez dela baieztatuko den egunaren biharamunerako konponbidean pentsatu beharko da". Eta konponbiderako elkarlan eta akordioan. Hondakinen kudeaketaren auzia, "denon artean konpondu behar dugu, baina ondo, modu onekin, eta legea, baina batez ere herritarren eskubideak errespetatuta", zioten iaz GuraSOSetik.