GuraSOS Bruselan da

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 4a, 06:05

Zubietako erraustegiaren iruzur finantzieroa, diru publikoaren zarrastalkeria, eta gabezia demokratikoa, gai honetan egon den, informazio, eztabaida eta parte hartze eza salatzera joana da gaur bi egunetarako GuraSOS Bruselara.

Hainbat bilkura egingo ditu, Europako sindikatuen konfederazioaren ingurumen gaietako idazkari nagusiarekin, Europako Batzordeko ingurumen zuzendaritzarekin edota eurodiputatu ezberdinekin. 

Bruselara abiatu aurretik elkarrizketatu dute GuraSOS-en ordezkari Joseba Belaustegi herritarra, Euskadi Irratian. Hitz gutxitan laburbiltzen zuenez, Zubietan eraikitzen ari diren "erraustegia ezin da egin". Europako legediak gastu publikoa mugatua du. Legedi hau kontuan izanda, "ezin dute gastatu xahutzen ari direna erraustegi hau eraikitzeko". Belaustegik zioenez ordea, halakorik ezin zutela egin jakinik, proiektu honen sustatzaileek "hau saihesteko tranpa bat egin dute, eta tranpa hori salatzera goaz Bruselara". Herritarren eskubideen eta legediaren gainetik asmo politiko bat gailendu dela salatzera. 

Tranpa hauek salatzen badira, Belaustegiren esanetan, "Europako Batzordeak eskuhartzeko ahalmena du". Horregatik gogorarazten zuenez, "oraindik garaiz gaude erraustegiaren kontratua eteteko. Gure iritziz, Europako arautegiaren kontrakoa da". Eta garaiz gaudela gaineratzen zuen, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari "beste irtenbide bat emateko, bai demokratikoki aberatsagoa, ingurumen aldetik sanoagoa eta gizarte aldetik gizarte kohesiorako hobea izango dena. Oriandik aukerak badaude".

Agerraldia

Bruselako berri ematekotan da GuraSOS; Youtuben duen Zero Zona kanalean. Adi egoteko deia egin dute, "ZERO ZONA KANALAtik emisio bereziak emango dira. Harpidetu eta adi egon!!". Jada, sare sozialen bidez informatzen hasia da GuraSOS. Bideotatik jaso dezakezue taldearen berri:

Twitter: @tgurasos

Facebook: https://www.facebook.com/gurasos/

Gogoan izan, uda aurretik, Zubietako erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen guraso taldeak. Ekimenok aurkeztu eta aste gutxira, NOAUA!ri berri eman ziotenez, "Bruselan erregistroa eman diote gure salaketari". Europako Batzordeko Ingurumen Sailetik, “zure salaketa batzordeko zerbitzuek aztertuko dute”, erantzun zioten GuraSOS taldeari. 

Egunotan, salaketa aztertzen dabiltzala eta azterketa honen emaitzak ahal bezain laster jakinaraziko zaizkiela adierazi dio Europar Batzordeak, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeari. "Europar batzordeak jakinarazi digu gure kexa aztertzen dabilela. Gipuzkoako erraustegiaren etorkizuna Europaren esku momentu hauetan! Kontratuaren etetea ekar lezake! Oraindik jokaldi luzea dugu!", adierazi du GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldutako ondoko mezuaren bidez. 

Testuinguru honetan, Europara joana doa GuraSOS.

Irudia: GuraSOS.

https://twitter.com/tgurasos/status/1036922581813784576

https://twitter.com/tgurasos/status/1036945127909089282

https://twitter.com/tgurasos/status/1033980164559056896