"Tximeletak" dokumentalaren ostiraleko proiekzioarekin abiatuko dute "Herria Xutan" zikloa

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 5a, 12:00

Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean urrunduak dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoari elkartasuna adierazi eta bizi duten errealitatea plazaratzeko ekimen zikloa antolatu dute hilabete honetan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Usurbilgo gazteek. "Hemendik dei egiten dizuegu guztioi, eta bereziki gazteei, parte hartzera. Ekitaldi guztiak herritar orori zabalduak daude baina bi elkarteek dei berezia egin nahi diete herriko gazteei askok ez baitute ezagutzen oraindik,  aplikatzen zaien espetxe-politikaren erruz, gure herrikideek eta beren senideek pairatzen duten egoera", animatu dituzte. 

Kontzertuak, mahai ingurua, erakusketa, elkarretaratzea... Eta hasteko, "Tximeletak, etengabeko metamorfosia" dokumentalaren proiekzioa iragarri dute ostiralerako, irailak 7. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Euskal Herriko gazte borrokak hiru hamarkada luzez utzitako arrastoa jasotzen duen ikus-entzunezko lan honen aurrerapena. Topatu gazte komunikazio proiektuak hainbat lagunekin elkarlanean eginiko lanaren emaitza da dokumentala.

"Herria Xutan"

Irailak 7, ostirala

22:00 "Tximeletak, etengabeko metamorfosia" dokumentalaren proiekzioa frontoian.

Irailak 15, larunbata

22:30 Elkartasun jaialdia Aginagako Eliza Zaharrean. Taldeak: Hortzaka, Artobixar, Pabloven zakurrak eta DJ Seymar. Sarrerak Aitzagan salgai, 3 eurotan. Azken eguna: irailak 14.

Irailak 17-22, astelehenetik larunbatera

"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:30-20:30 /larunbatean 12:00-13:30.

Irailak 20, osteguna

19:00 Mahai-ingurua, Sutegiko auditoriumean. Hizlariak: “Motxiladun” gazte bat, abokatu bat eta Sara Majarenas preso ohia.

Irailak 28, ostirala

20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.

Euskaraldia

Hilero moduan, usurbildarrak euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenezko neurrien aurka, dispertsioaren aurka eta dagozkien eskubideen alde mobilizatu berri dira ostiral arratsalde honetan Mikel Laboa plazan. Amaieran, presoen hurbilketaren gaia hartu dute ahotan. Argi deskribatu dute egun bizi dugun errealitatea zein den. "Presoen apikazko hurbilketaz ari gara. Horrela laburtu genezake gobernuaren jokamoldea", adierazi dute.  

Espainiako Gobernua anbiogutasun eta argitasun falta erakusten ari dela gaineratu dute, "eta horrela doaz egunak eta hilabeteak. Bitartean, urrunketaren lehen afektatuen egoera ezkutatzen segitzen dute. Inork gutxi aipatzen ditu ehunka familien osasunarekin, biziarekin, denborarekin, diruarekin, sufrimenduarekin egiten duten erabilera maltzurra, oinarrizko giza-eskubideak funtsetik urratzen dituena. Horrek normaltasunez onartua den egoera bat izaten jarraitzen du. Espetxe politikaren inguruan egon daitezkeen onurak luparekin aztertzen diren bitartean, milaka herritarrei urrunketaren zigor erantsiak eragiten dizkieten ondorio lazgarriak ezkutatu egiten dira, inork ez du horien ardura hartu nahi".

Testuinguru honetan, espekulazio eta eztabaida faltsuen jokoan erori gabe, lanean jarraituko dutela adierazi dute Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik, "egungo espetxe politikaren berehalako desaktibazioa lortzeko, kartzela barruan daudenei zein bere familia eta lagunei ondorio larriak eragiten dien espetxe politika hori justifika ezina baita".

Manifestazioa Bilbon eta "Herria Xutan" Usurbilen

Datozen asteei begira hainbat hitzordu iragarri dituzte. Batetik, urriaren 20an Bilbon Orain Presoak! dinamikak manifestatzeko eginiko deialdia. "Gizarte zibilak hauspotutako iniziatiba honek, espetxe politika krudelarekin amaitzeko dagoen inmobilismoari aurre egiteko beste aukera bat izango da urriaren 2oko manifestazioa".