Elkar eta Gureak, laster Michelin ondoan

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 4a, 11:23

Michelinek hutsik duen lantegiaren ondoko lur eremuan kokatuko dira bi lantegion egoitza nagusiak, Urbil merkatalgunearen parean. Etorkizuneko proiektua gauzatze bidean, urrats garrantzitsua eman zuen udalbatzak uztailaren 24an egin zuen osoko bilkuran. Usurbilgo Udala, Gureak eta Elkarren arteko hirigintza hitzarmena hasieraz onartu zuen udalbatzak aho batez. Hitzarmen honi esker, Michelinek Zapategi eremuan libre utzitako 43.881,09 metro karratuko gunea erosiko dute eta bertan kokatuko dira. Aipatu Zapategi eremua bitan banatuko da etorkizunean. Zati bat Michelinek okupatuko du, bestea Gureak eta Elkarrek.  

Onurez josia

Udal gobernu taldetik nabarmen dutenez, “euskara, kultura, gizarte-balioak sustatzen dituen proiektua da” honakoa. Lorpen handitzat eta onuragarritzat jotzen dute, bi lantegiok Usurbila ekartzea. Guztira, 950 lanpostu kokatuko dira Usurbilen eta “ahul dauden sektoreak indartzeko balioko du”. Hainbat langile birkokatuko dira bertan, lanpostu berriak ere sortuko dira. Elkarrek bere jarduera eta biltegia barnebilduko dituen pabilioi bat eraikiko du. Gureak-ek lau eraikiko ditu; “elektronikakoa, marketing-erako, muntai-lanetarako eta hezkuntza eta zerbitzuetarako”.  

Hiriarekiko konexioa bermatzea, lurraren optimizazioa eta erabilera nahasketa, biodibertsitatea eta geografia-balioak mantentzea, mugikortasun jasangarria bultzatzea, egonkortasun soziala bermatzea, hortxe eremu honetan Udalak sustatu nahi izan dituen ezaugarriak, “hirigintza- eta lurralde-antolamenduaren ikuspegi merkantilistak” alboratuta.