Euskaraldia prestatzeko batzar irekia ostegunean

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 5a, 06:45

Sare sozialetan nahiz whatsapp bidez, zuetako batek baino gehiagok izango zuen uda honetan, Eli eta Patxiren abenturen berri, bideo ezberdinetan (albiste honi atxikiak dituzue, orain arte argitara eman dituztenak). Datorkigun Euskaraldia girotzen aritu zaizkigu. Gure hizkuntzaren erabilera areagotzeko azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri mailan ospatuko den ekimenean esku hartzen hasteko garaia da. Antolaketa lanekin segitzeko batzar irekia deitu du talde eragileak irailaren 6rako. Eta bi aste barru, ahobizi nahiz belarriprest guztientzako izen ematea zabalduko da. Adi beraz datozen deialdiei:

Irailak 6, osteguna

18:00 Euskaraldia prestatzeko batzar irekia Potxoenean.

Irailak 19, asteazkena

19:00 Solasaldia Olatz Altuna eta Inaxio Usarralde herritarrekin Sutegin: “Euskaraldia: zergatik eta zertarako?”. Antolatzailea: NOAUA! K.E.

Irailak 20, osteguna

Euskaraldian izen emateko epearen irekiera.

Azaroak 23-abenduak 3

Euskaraldia.

Informazio gehiago:

Facebook: Euskaraldia Usurbil

Twitter: @EuskaraldiaUsur

Youtube: Euskaraldia Usurbil

Antolatzailea: Euskaraldia Usurbil.

Udala Euskaraldiarekin bat eginik

Euskaraldia udal barruan sustatzeko erakunde adierazpena onartu zuten uztailaren 24ko osoko bilkuran, ahobatez onartu ere. Argazki hau da akordioaren lekuko. EHBildu, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdietako ordezkariek osatzen dute udalbatza-plenoa eta hiru alderdietako bozeramaleak euskaldunak dira. Plenoak euskara hutsean egiten dira Usurbilen.

Euskaraldiarekin bat egin eta geure hizkuntzaren erabilera areagotzea helburu duen ekimena “erakunkizunez eta eredugarritasunez” udal barruan sustatzeko konpromisoa hartu zuten. “Ahalik eta ahobizi eta belarriprest gehien aktibatzeko urratsak emango ditugu”. Herritarrak ere parte hartzera gonbidatuko ditu. Eta horrekin batera, “neurriak hartuko ditu hizkuntza-praktika horiek posible izan daitezen eta praktika horiei etorkizunean eutsi ahal izateko”. Bai herri mailan baita Gipuzkoan ere. Herrialde mailan Euskaraldia elkarlanean eta batera garatzearekin bat egiten du Udalak, “lurralde mailako politika bateratu bati begira”.

https://youtu.be/cSqzFtU6M4M

https://youtu.be/vI9vhSFj2e4

https://youtu.be/eFbILn-cZ4U

https://youtu.be/NkDzmtZLvRU

https://youtu.be/EKqLqF2TjMg

https://youtu.be/5Y-hJycEZAc

https://youtu.be/ke7Htzunng4

https://youtu.be/N7TllHPz4jc