Erraustegiko lanen bigarren faseari ekiteko kontratua sinatu dute Foru Aldundiak eta FCC-k

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 4a, 12:13

Ezkerrean, Carmelo Aguas, FCC-ko iparguneko arduraduna, eskuinean, Gipuzkoako Foru Aldundiko ingnrumeneko diputatu eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) presidente Jose Ignacio Asensio. Erraustegiko eremuko lanen bigarren eta azken faseari ekiteko akordioa erdietsi dute gaur.

Lehen faseko lanekin batera gauzatu eta amaituko dira azken fase honetako lanok. 50.000 tona organiko tratatzeko gaitasuna izango duen biometanizazio planta bat eta erraustegiak sortuko dituen zepentzako 52.000 tona hartzeko gaitasuna izango duen planta bana eraikiko dira, 31.988 metro karratuko lur eremuan. Ondoan izango ditu erraustegia, tratamendu mekaniko biologikorako planta eta Klima Aldaketaren Zentroa. Azpiegiturok 2019ko udan martxan izatea aurreikusten du Foru Aldundiak. Azpiegituretako bat lehenago; Tratamendu Mekaniko Biologikoko planta 2019ko martxoa-apirila aldera funtzionamenduan izango dela berri eman du Diputazioak. 

"FCCren proposamenari jarraikiz, kontratistak gunearen eraikuntzaz eta kudeaketaz arduratu beharko du, eta 32,2 milioi euroko inbertsio bat egingo du biometanizazio planta batean eta balorizazio energetikoko plantatik datozen zepak birziklatzeko beste planta batean. Ordainean, kontratistak urtero 3,6 milioi euroko ordainketa finko bat jasoko du azpiegitura Gipuzkoaren eskura jartzeko, zeina Kontsortzioak bakarrik erabiliko baitu, eta zenbateko aldagarri bat tratatzen diren tonen arabera: 1.000.000 euro, gutxi gorabehera. Guztira 4,6 milioi izango dira urtean. Hori lizitazio motarekiko %20ko jaitsiera bat da. Emakidaren epea 20 urte izango da", berri eman dute Foru Aldunditik.

Etorkizunerako hondakinen kudeaketa plana

Gipuzkoako Foru Aldundia 2019-2030 urte arterako Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketako Plan Orokorra izapidetzen hasi da. Plan hau onartzeko foru arauaren aurreproiektua onartu eta jendaurrean ikusgai jarria du Aldundiak. Alegazioak aurkezteko irailaren 25era arteko epea dago.

Horrekin batera, “partaidetzazko deliberazio prozesua” abiatzea erabaki du. Abuztuaren 31ra arteko epea finkatu zuen izen emateko. Xehetasun gehiago, uztailaren 25eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.