Ilun oso ilun esnatu zaigu asteazkena. Ekaitz giroa dugu. Trumoi eta tximistak nonahi goizeko 10:30ak pasatxotik. Argia ere joan da zenbaitetan. Ostegun gauerdira arte gutxienez abisu horia indarrean izango da "prezipitazio handiagatik". Euskalmet meteorologia agentziatik iragarri duenez, "zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke zenbait tokitan handiak izatea eta txingorra egitea. Ekaitz-guneetan baliteke haize-bolada gogorrak izatea". Bai asteazken eta ostegunean ere. Bihar (irailak 6), "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke kantauri isurialdeko zenbait tokitan handiak izatea, bereziki kostaldean".
IRAGARPENA
Irailak 5, asteazkena
"Giro aldakorra espero dugu. Zerua hodeitsu agertuko da eta zenbait momentutan ostarteak zabalagoak izango dira, batez ere goizean. Ekaitzak izango dira, zenbait tokitan mardulak eta baliteke txingorra ere egitea. Ekaitzak batez ere barnealdean eta eguerditik aurrera espero dira, hala ere, ez da baztertzen goizean zaparradaren bat edo beste botatzea. Arratsalde-gauean iparraldeko haizea ibiliko da eta eguneko tenperatura beroenak 25 ºC ingurukoak izango dira".
Irailak 6, osteguna
"Ostegunean giro nahasiarekin jarraituko dugu. Zaparradak eta ekaitzak botako ditu, egunaren bukaeran batez ere ipar isurialdea eragingo dute eta mardulagoak izango dira. Iparraldeko haizea ibiliko da eguneko ordurik gehienetan eta tenperatura maximoak pare bat gradu jaitsiko dira".
Irailak 7, ostirala
"Ostiralean atmosfera zertxobait egonkortuko da eta zaparradak tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira. Goizaldean eta goizean goiz oraindik euri txikia egingo du ipar isurialdean. Arratsaldean ekaitz arriskua Nafarroa hegoaldera eta Pirinioetara mugatuko da, baina aurreko egunetan baino urriagoak eta ahulagoak izango dira. Ipar eta ipar-ekialdeko haize ahula ibiliko da eta tenperaturan ez dugu gorabehera handirik izango".
Informazio eguneratua: euskalmet.eus