Oso emankorra izaten ari da GuraSOS taldearentzat, Bruselara eginiko bidaia

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 5a, 13:11

Bruselan da atzotik GuraSOS, Zubietako erraustegiaren inguruko salaketa plazaratzen. Bidaia oso emankorra izaten ari dela berri eman dute sare sozialen bidez. Bi egunotako bidaiaren inguruko laburpen bideo bat igotzekoak dira asteazken arratsalde honetan, 19:30ak aldera GuraSOSek Youtuben duen Zero Zona kanalera.  

Iruzur salaketa

Zubietako erraustegiaren iruzur finantzieroa, diru publikoaren zarrastalkeria, eta gabezia demokratikoa, gai honetan egon den, informazio, eztabaida eta parte hartze eza salatzera joana da GuraSOS bi egunetarako Bruselara.

Hainbat bilkura egin ditu jada egonaldi honen baitan. Sindikatuen Europako Konfederazioaren ingurumen gaietako idazkari nagusi Montserrat Mirrekin bildu zen. Bilgune honek "babes osoa eman dio GuraSOS-ek Europan ekindako bideari". Mirrekin, Josu Juaristi (EHBildu) eta Xabier Benito (Podemos) eurodiputatuekin agerraldia egin zuten. Eta horren ostean, GuraSOSetik berri eman dutenez, "hainbat bilera izan ditugu Izaskun Bilbao (PNV), Francesc Gambus (UDC) eta Europako ingurumeneko zuzendaritza batzordearekin. Oso informazio interesgarria bildu dugu!", adierazi dute GuraSOSetik. Asteazken honi begira, hitzordu gehiago ditu GuraSOSek Europan.

"Erraustegia ezin da egin"

Bruselara abiatu aurretik elkarrizketatu zuten atzo GuraSOS-en ordezkari Joseba Belaustegi herritarra, Euskadi Irratian. Hitz gutxitan laburbiltzen zuenez, Zubietan eraikitzen ari diren "erraustegia ezin da egin". Europako legediak gastu publikoa mugatua du. Legedi hau kontuan izanda, "ezin dute gastatu xahutzen ari direna erraustegi hau eraikitzeko". Belaustegik zioenez ordea, halakorik ezin zutela egin jakinik, proiektu honen sustatzaileek "hau saihesteko tranpa bat egin dute, eta tranpa hori salatzera goaz Bruselara". Herritarren eskubideen eta legediaren gainetik asmo politiko bat gailendu dela salatzera. 

Tranpa hauek salatzen badira, Belaustegiren esanetan, "Europako Batzordeak eskuhartzeko ahalmena du". Horregatik gogorarazten zuenez, "oraindik garaiz gaude erraustegiaren kontratua eteteko. Gure iritziz, Europako arautegiaren kontrakoa da". Eta garaiz gaudela gaineratzen zuen, Gipuzkoako hiri hondakinen kudeaketari "beste irtenbide bat emateko, bai demokratikoki aberatsagoa, ingurumen aldetik sanoagoa eta gizarte aldetik gizarte kohesiorako hobea izango dena. Oriandik aukerak badaude".

Bideotatik jaso dezakezue GuraSOS Europara egiten ari den bidaiaren berri:

Youtube:  Zero Zona kanala

Twitter: @tgurasos

Facebook: https://www.facebook.com/gurasos/

Europa, GuraSOS-en ekimen juridikoak aztertzen

Gogoan izan, uda aurretik, Zubietako erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen guraso taldeak. Ekimenok aurkeztu eta aste gutxira, NOAUA!ri berri eman ziotenez, "Bruselan erregistroa eman diote gure salaketari". Europako Batzordeko Ingurumen Sailetik, “zure salaketa batzordeko zerbitzuek aztertuko dute”, erantzun zioten GuraSOS taldeari. 

Egunotan, salaketa aztertzen dabiltzala eta azterketa honen emaitzak ahal bezain laster jakinaraziko zaizkiela adierazi dio Europar Batzordeak, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeari. "Europar batzordeak jakinarazi digu gure kexa aztertzen dabilela. Gipuzkoako erraustegiaren etorkizuna Europaren esku momentu hauetan! Kontratuaren etetea ekar lezake! Oraindik jokaldi luzea dugu!", adierazi du GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldutako ondoko mezuaren bidez. 

Testuinguru honetan, Europara joana doa GuraSOS.

Irudiak: GuraSOS.

https://twitter.com/tgurasos/status/1037045599458287616

https://twitter.com/tgurasos/status/1037045008174669824

https://twitter.com/tgurasos/status/1036922581813784576

https://twitter.com/tgurasos/status/1036945127909089282

https://twitter.com/tgurasos/status/1033980164559056896