Abisu horian segiko dugu gaur egun osoz, "prezipitazio handiagatik"

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 6a, 08:15

Atzo bezala, abisu horian segiko dugu ostegun honetan (irailak 6) "prezipitazio handiagatik". Egun osoz, gauerdira arte, "Kantauri isurialdeko zenbait lekutan ordubetean 15 l/m² baino gehiago pila daiteke. Zaparrada txiki-ertainak eta trumoitsuak botako ditu, baliteke kantauri isurialdeko zenbait tokitan handiak izatea, bereziki kostaldean".

EGUNOTARAKO IRAGARPENA

Irailak 6, osteguna

"Ostegunean giro nahasiarekin jarraituko dugu. Zerua hodeitsu agertuko da eta zaparrada trumoitsuak botako ditu. Zenbait tokitan baliteke zaparradak handiak izatea, bereziki kostaldetik gertu. Egunaren bukaeran ezegonkortasuna gutxitzen joango da eta zaparradak ahulagoak eta sakabanatuagoak izango dira, batez ere barnealdean. Tenperaturan ez dugu aldaketa handirik sumatuko".

Irailak 7, ostirala

"Ostiralean zerua tarteka hodeitsu agertuko da. Zenbait momentutan argiune politak izango ditugu, baina beste batzuetan zerua estali eta euria egingo du, batez ere egunaren lehen zatian eta ipar partean. Lurraldearen hegoaldean giroa lasaiagoa izango da, ostarteak zabalagoak, hala ere, arratsaldean baliteke mendi inguruetan ekaitzen bat garatzea. Arratsaldetik aurrera euria gutxitu egingo da ipar partean eta ostarteak zabalagoak izango dira. Ipar-osagaiko haizearekin eta tenperatura berdintsuekin jarraituko dugu".

Irailak 8, larunbata

"Larunbatean tenperatura nabarmen igoko da eta balio beroenak 30 ºC-ra iritsiko dira eskualde askotan. Haizea ekialdera aldatuko da eta tenperaturaren gorakadan eragin zuzena izango du. Goizeko lehen orduetan agertuko diren hodeiak desegin bezain pronto, nahikoa eguzkitsu geratuko da, baina ezingo gara fidatu, egunaren bukaeran ekaitzak bueltan izango dira eta ez dugu baztertzen zenbait tokitan mardul botatzea".

Informazio eguneratua, hemen: euskalmet.eus