GuraSOS Bruselatik: "Europara bidean beste urrats bat da"

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 6a, 10:00

Itzuli da GuraSOS Bruselatik. Gogoan izan, Europara jo duela egunotan guraso taldeak, Zubietako erraustegiaren iruzur finantzieroa, diru publikoaren zarrastalkeria, eta gabezia demokratikoa, gai honetan egon den, informazio, eztabaida eta parte hartze esa salatzera. Emankorrak izan dira egunok GuraSOSentzat, albiste honi atxikia duzuen eta taldeak Youtubeko Zero Zona kanalean zabaldu duen ondoko bideoan azaltzen dutenez. "Bi egunotan agenda oso betea izan dugu, antolaketa lan izugarria izan da", adierazi dio Zero Zona kanalari Joseba Belaustegik. Ohartarazi duenez, ordea, "hemen ez da ezer bukatu, Europara bidean beste urrats bat da. Baina badakizue azken hitza, gipuzkoarrona izango da".

GuraSOS, euskal gehiengo sindikala ordezkatzen duten LAB eta ELA sindikatutako ordezkariekin bertaratu da Bruselara. Bilera sorta zabala izan dute 48 orduko tartean, eurodiputatu eta eragile anitzekin. EAJ-PNV alderdiko eurodiputatu Izaskun Bilbaorekin, Europako Alderdi Popularreko kide Frances Gambusekin, Maite Pagazaurtunduarekin (UPyD),  Ramon Jauregirekin (PSOE) eta Carolina Punsetekin (Ciudadanos) bildu dira. Europako Batzordeko ingurumen zuzendaritzarekin ere bai eta "aurrez aurre gure kexa adierazteko aukera izan dugu". Europako Estatistika Agentziari (Eurostat) "zortze publikoaren iruzurra aurrez aurre azaltzeko aukera izan dugu". 

Sindikatuen Europako Konfederazioako ingurumen gaietako idazkari nagusi Montserrat Mirrekin (CCOO) ere bildu da GuraSOS. Bilkura honen segidan egin zuten agerraldian, Mirrek babes osoa adierazi zion guraso taldeak Europan zabaldu zuen lan ildoari. "Elkartea garatzen ari den ekimenekiko sentitzen dugun miresmenaren aurrean, bi egunotan egingo dituzten ekintza guztiak babestu baino ezin dezakegu egin".

"Foru Aldundiak gipuzkoarrak hipotekatuko dituen proiektua planteatu du"

Agerraldi berean GuraSOS-en planteamenduekin bat egin eta erraustegiaren aurka agertu zen EHBilduko eurodiputatu Josu Juaristi. "Guztiz gaindimentsionatua dagoen proiektua da. Kontratu berriaren ezaugarriek ez diote mesede egiten herritarrei, enpresen irabaziei baizik. Egungo Foru Aldundiak gipuzkoarrak hipotekatuko dituen proiektua planteatu du".

Ildo beretik mintzatu zen baita Podemoseko eurodiputatu Xabier Benito. "Podemos Euskaditik beti defendatu izan dugu, ez dela inposatu behar erraustegi proiektu hau. Gipuzkoaren hiri hondakinen etorkizuneko ereduaren planifikazioan parte hartzeko eskubidea dute gipuzkoarrek". Onartezina iruditzen zaio, Europak ekonomia zirkularraren aldeko zuzentaraua onartu duen honetan, "etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa planeko proiektu izar gisa erraustegi bat aurkeztea".

GuraSOS-en ekimenak babestu ditu, aipatu moduan guraso taldeak egunotan bidelagun izan duen euskal gehiengo sindikalak ere. ELA eta LAB sindikatuen ordezkaritza bat Bruselan izan da baita. "Bruselara etorri gara Euskal Herriko gehiengo sindikalaren izenean, errauskailuaren makroproiektu hau gaitzesten dugulako. GuraSOSek abian jarri duen ekimen honi babesa emateko. Guk helburua argi dugu; zero zabor da, eta horretarako ekologikoki jasangarria, iraunkorra, eta demokratikoki erabakia eta sozialki justua den zaborren kudeaketaren sistema baten alde egiten dugulako", adierazi dio Zero Zona kanalari, LAB sindikatuko ordezkari Maddi Arrietak.

Astelehenean agerraldia

Bruselara eginiko bidaiak emandakoaren berri zehatzago eskainiko du GuraSOSek datorren astelehenerako (irailak 10) iragarri berri duen agerraldian.

Europan aurkezturiko ekimen juridikoen harira

Gogoan izan, uda aurretik, Zubietako erraustegiaren kolapsoa ekar dezaketen hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen guraso taldeak. Ekimenok aurkeztu eta aste gutxira, NOAUA!ri berri eman ziotenez, "Bruselan erregistroa eman diote gure salaketari". Europako Batzordeko Ingurumen Sailetik, “zure salaketa batzordeko zerbitzuek aztertuko dute”, erantzun zioten GuraSOS taldeari. 

Egunotan, salaketa aztertzen dabiltzala eta azterketa honen emaitzak ahal bezain laster jakinaraziko zaizkiela adierazi dio Europar Batzordeak, Zubietan eraikitzen ari diren erraustegiak haien seme-alaben osasunean izan dezakeen eraginaz kezkatutako guraso taldeari. "Europar batzordeak jakinarazi digu gure kexa aztertzen dabilela. Gipuzkoako erraustegiaren etorkizuna Europaren esku momentu hauetan! Kontratuaren etetea ekar lezake! Oraindik jokaldi luzea dugu!", adierazi du GuraSOSek sare sozialen bidez zabaldutako ondoko mezuaren bidez. 

Testuinguru honetan, Europara joana doa GuraSOS.

 

Bideotatik jaso dezakezue GuraSOS Europara egiten ari den bidaiaren berri:

Youtube:  Zero Zona kanala

Twitter: @tgurasos

Facebook: https://www.facebook.com/gurasos/

Irudia: GuraSOS.