Marka berri bat baino gehiago da ostegun honetan Potxoenean aurkeztu dutena. "Usurbil, sagarraren bihotza, sagardoaren kultura", orain arte eremu honetan herrian egin den lana, sektoreko eragile eta ekintza solteak josi, bateratu, eragileak bateratu, koordinatu eta indarberritzera datorren egitasmoa dugu. Sektore honetako lankidetza indartu nahi dute hartara, eta dagoen eskaintza "ondo egituratu eta antolatuz gero, kanpora begira oihartzun eta indar berezia" hartu dezakeela adierazi du Usurbilgo alkate Xabier Arregik aipatu ekitaldian. Eta horrek onura ekarriko dio sektoreari eta herriari oro har.
Sagarraren eta sagardoaren inguruan garrantzitsutzat jo duten aurrerapauso hau elkarlanean emango da. Auzolan horren isla izan da gaur Potxoeneara joandako ordezkariak. Herriko sagardogileekin batera bildu dira egitasmo honen sustatzaileak; Alkartasuna Usurbilgo Baserritarren Kooperatiba; NOAUA! K.E.; Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak; Sagardoa Route, gure jatorria; Sagardoaren Unibertsitatea; Gipuzkoako Sagardogileen Elkartea; Euskal Sagardoa jatorri izendapena; eta Usurbilgo Udala.
Urte osoko eskaintza bateratuko da
Egitasmoaren izenak eta irudiak (sagar bat), aspaldidanik elkarri lotuak dauden hiru kontzeptu, usurbildarra, sagarra eta sagardoa barnebiltzen ditu. "Usurbilek sagardoa herri ondarea du", nabarmendu du Usurbilgo alkateak, eta hori alor askotan nabari da; Usurbilgo historian, paisaian, sagardotegietan... Baina jarduera ere badela zioen, Usurbilgo jarduera ekonomiko nagusietakoa. Eta sagardoaren inguruan dugun kultura ere ezin ahaztu. "Horri eutsi egin behar diogu. Usurbilek horretarako ikaragarrizko aukerak ditu. Beste batzuk dituztenak baino askoz gehiago, bai lurralde eta sektore aldetik", azpimarratu du Jakoba Errekondok. Aurrera begirako erronka marraztu du, "kultura hori, jakintza hori, formakuntza eta ekitaldietan txertatzea".
Herrigintzan ere presente asko dagoen sektorea baita sagar eta sagardorena. Horren adibide gisa aipatu dituzte, jada 36 aldiz ospatu den Sagardo Egun entzutetsu eta aitzindaria, seigarren ediziora heldu den Sagastiak Loretan zikloa, edota Alkartasuna Kooperatibak urte osorako antolatu ohi duen "Sagarrondotik Sagardora" formazio zikloa. "Euskal Herrian egiten den bakarra da hainbeste urteetan", nabarmendu du Errekondok. Geroz eta indar gehiago hartzen ari den txotx bolada eta NOAUA!ren abenduko San Tomas Azokan ospatzen den etxean eginiko sagardo lehiaketa eta dastaketa ere aipatu ditu.
Laburbilduz, Errekondok zioen moduan, "ekitaldi piloa urte osoan". Horregatik, gaur aurkeztu duten egitasmo hau "lehenik egindako lana hobeto antolatu eta indarberritzeko asmoa da. Zenbat eta gehiagok ekarpenak egin eta parte hartu orduan eta hobeto", adierazi du alkateak.