Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean urrunduak dituzten Olatz Lasagabaster eta Patxi Uranga presoak eta haien urte eta erdiko Xua haurtxoari elkartasuna adierazi eta bizi duten errealitatea plazaratzeko ekimen zikloa antolatu dute hilabete honetan, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak eta Usurbilgo gazteek. "Hemendik dei egiten dizuegu guztioi, eta bereziki gazteei, parte hartzera. Ekitaldi guztiak herritar orori zabalduak daude baina bi elkarteek dei berezia egin nahi diete herriko gazteei askok ez baitute ezagutzen oraindik, aplikatzen zaien espetxe-politikaren erruz, gure herrikideek eta beren senideek pairatzen duten egoera", animatu dituzte.
Kontzertuak, mahai ingurua, erakusketa, elkarretaratzea... Eta hasteko, "Tximeletak, etengabeko metamorfosia" dokumentalaren proiekzioa iragarri dute ostiralerako, irailak 7. Albiste honi atxikitako bideoan duzue, Euskal Herriko gazte borrokak hiru hamarkada luzez utzitako arrastoa jasotzen duen ikus-entzunezko lan honen aurrerapena. Topatu gazte komunikazio proiektuak hainbat lagunekin elkarlanean eginiko lanaren emaitza da dokumentala.
"Herria Xutan"
Irailak 7, ostirala
22:00 "Tximeletak, etengabeko metamorfosia" dokumentalaren proiekzioa frontoian.
Irailak 15, larunbata
22:30 Elkartasun jaialdia Aginagako Eliza Zaharrean. Taldeak: Hortzaka, Artobixar, Pabloven zakurrak eta DJ Seymar. Sarrerak Aitzagan salgai, 3 eurotan. Azken eguna: irailak 14.
Irailak 17-22, astelehenetik larunbatera
"Motxila etorkizunez bete" erakusketa Sutegin. Ordutegia: astelehenetik ostiralera, 18:30-20:30 /larunbatean 12:00-13:30.
Irailak 20, osteguna
19:00 Mahai-ingurua, Sutegiko auditoriumean. Hizlariak: “Motxiladun” gazte bat, abokatu bat eta Sara Majarenas preso ohia.
Irailak 28, ostirala
20:00 Azken ostiraleko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Antolatzaileak: Usurbilen Nahi Ditugu eta Usurbilgo gazteak.