Akelarreren Aginagako azken kontzerturako sarrerak, larunbatean salgai

Noaua Aldizkaria 2018ko ira. 7a, 06:34

Aginagakoa bai, azkena izango dela iragarri dute egunotan. 2017an itzuli ziren eta adostuak zituzten kontzertuak eskainita, zaletuei agurtzear da berriz Akelarre musika taldea. Agurrerako, Aginagako oholtza hautatu du taldeak. Datozen jaien baitan, urriaren 6an eskainiko du emanaldia. Sarrerak larunbat honetan (irailak 8) eskuratu ahalko dira."Azken data urriak 6! Akelarre azkeneko aldiz ikusteko aukera Aginako jaietan izango duzue. Animatu zaitezte eta sartu gurekin Akelarrera!", luzatu dute gonbita.

Agurtzeko ordua heldu dela adierazi dute. "Askok galdetu duzuen bezala, gure azken kontzertuaren eguna iritsi da. Urriaren 6an izango da Aginagako jaietan. 2017an egin beharrekoak egin ondoren, 2018an beste kontzertu gutxi batzuk egitea adostu genuen. Aginagan amaituko dugu gure 2017-2018 tour-a zuzeneko ibilbidea amaitutzat emanaz", iragarri dute. 

Agurrean, zaletu eta jarraitzaileak gogoan. "Mila esker jarraitzale, lagun, familia eta gure ondoan egon eta zaudeten guztioi, plazerra izan da zuen berotasuna berriro ere sentitzea, ez dugu inoiz ahaztuko egin diguzuen harrera! Aupa zuek eta gora AKELARRE! Urriaren 6an Agiñan toperaaaaaa!", luzatu dute gonbita.

Sarrerak, Eliza Zaharrean

Adi, sarrerak larunbat honetan bertan (irailak 8) hasiko dira saltzen, 19:00etan Aginagako Eliza Zaharrean, 12 eurotan. Norberak gehienez 10 sarrera erosi ahalko ditu. Saltzen ez diren sarrerak, kontzertu egunean bertan jarriko dira eskuragarri. 

Akelarrek kontzertua eskainiko duen gauean, musikari gehiago ere badatoz San Praixkuetara! Sarrera beharko duen kontzertu bakarra Akelarrerena izango da, gainerako musika hitzordu guztiak doakoak izango dira. Honatx xehetasunak:

Akelarre Aginagako jaietan

Irailak 8, larunbata: 

16:00 Tabernaren irekiera.

19:00 Txartelak saltzen hasiko dira. Prezioa: 12 euro. Buruko gehienez 10 sarrera erosi ahalko dira. Irailaren 8an saltzen ez diren sarrerak kontzertu egunean bertan salduko dira.

Tokia: Aginagako Eliza Zaharra.

Urriak 6, larunbata

19:00 Elektropapo Elektrotxaranga (bokatak salgai txosnan).

22:00 Dj Bull+Akelarre. Sarrera: 12 euro.

02:00 Gozategi. Irekia, doan.

04:00 Goizaldera arte, Dj Bull eta DJ Elepunto Eliza Zaharrean eta Karpan.

Antolatzailea: Aginagako Jai Batzordea.