Erraustegia geratu, guztion osasuna bermatu eta birziklapen sistema eraginkorren sustatzea eskatzeko giza katea deitu dute Errausketaren Aurkako Mugimenduak, Errausketaren Aurkako Herri Plataformen Koordinakundeak eta Donostia Bizirik plataformak Kontxako Ikurriña jokoan izango den bigarren eta azken jardunaldi egunerako, iganderako, irailaren 9rako (11:30ean Alderdi Ederretik Kontxa hondartzara jaisteko arrapalan).
"Giza kate honen bidez, Donostian eraikitzen ari diren erraustegia gelditzeko eskatzen dugu, eta aldi berean hondakinen birziklapen sistema eraginkorra Gipuzkoa osora zabaltzeko", adierazi zuten deitzaileek, mobilizazioa aurkezteko asteartean hiriburuan egin zuten agerraldian. Segidan duzue plazaratu zuten adierazpena bere osotasunean:
Irailaren 9an: erraustegia gelditu, birziklapena sustatu
Errausketaren Aurkako Mugimenduak aurreko urteetan bezala, irailaren 9an, Donostiako estropaden bigarren igandean, Kontxako hondartzan giza kate bat egiteko deia egin nahi du, goizeko 11:30ean lehenengo arrapalan.
Giza kate honen bidez, Donostian eraikitzen ari diren erraustegia gelditzeko eskatzen dugu eta aldi berean hondakinen birziklapen sistema eraginkorra Gipuzkoa osora zabaltzeko. Nahiz eta eraikuntza lanak aurrera doazen, nahiz eta banku eta enpresekin sinatutako kontratuak edozein kasutan gipuzkoarroi galera ekonomiko handia eragingo diguten, hobea da lehenbailehen gelditzea arrazoi ugariengatik. Hauetako batzuk:
-Erraustegia gelditu ez delako beharrezkoa. 2017an Gipuzkoan 150.000 tona erreus sortu ziren eta agintariek beraiek diotenez joera gero eta gehiago birziklatzearena da: 2020-2022an %70a helduko garela esan dute uztailean. Gogoratu, erraustegia urtean 200.000 tona zabor erretzeko diseinatuta dagoela. Gipuzkoako 89 herrietatik 60k hondakinen %70a baino gehiago birziklatzen dute jadanik eta urtean pertsonako 100 kilo erreus baino gutxiago sortzen. Gipuzkoako herri handienak maila honetara heltzen direnean, eta horretarako borondate politikoa besterik ez da behar, urtean 70.000 tona baino gutxiago sortuko da. Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio jaunak: Nondik ekarriko ditu, nondik osatuko ditu Urbaser enpresa txinatarrak 200.000 tonako labeak betetzeko faltako zaizkion bi herenak?
-Erraustegia gelditu geratzen den erreus tonak tratatzeko (kasurik okerrenean erraustegiak sortuko dituen zepa eta errauts toxikoen parekoa) badagoelako alternatiba merkeago eta osasuntsuagoa, aurreko legealdian mahai gainean jarri zena: inertizazioa, konpostatzearen antzeko prozesu baten bidez.
-Erraustegia gelditu pertsonen osasunerako larriki kaltegarria izan daitekeelako, mundu osoko ikerketetan agertzen den moduan eta Gipuzkoako sendagile askok behin eta berriz salatu duten moduan: minbizi desberdinak, malformazioak...
-Erraustegia gelditu, Gipuzkoan aldaketa klimatikoa sortzen duten gasen igorle nagusia izango delako. Erraustegiaren tximinitik, substantzia oso toxikoez gain, CO2 eta nitrogeno oxido kantitate oso handiak atmosferara botako ditu eta hau ez du inork zalantzan jartzen, ezta errausketa defendatzen dutenek ere.
-Erraustegia gelditu bere eraikuntza eta funtzionamendua oso garestiak direlako, 1.000 milioi euro baino gehiago, gipuzkoarron poltsikotik ustelkeri kasutan nahastutako multinazional baten eskuetara joango direnak. Azken batean, gure diruz gure osasuna eta ingurumena kaltetzeko tresna ikaragarria egin nahi dute. Interes ezkuturik ez ote dago hau bultzatzen duten politikarien aldetik? Ustelkeria Espainiako arazoa bakarrik ote da? %3ko komisioa Kataluniara mugatu al zen?
Errausketarik ez!
Atxikimenduak
ELA, LAB, ESK, CCOO, EHNE, STEILAS, Alternatiba, Bildu, Ezker Anitza-IU, Irabazi, Podemos, Sortu, Eguzki, Ekologistak Martxan, Duintasuna.