Udazken beroa datorkigu Gipuzkoara, hondakinen kudeaketaren gaiari dagokionean, GuraSOSek gaur agerraldi bidez iragarri duenez. Argi adierazi dute, "ez dezala inork pentsatu erraustegiaren auzia itxita dagoenik". Bruselatik itzuli berriak dira, indarberrituta. Gogoan izan, irailaren 4ean eta 5ean Europara jo zuten Zubietako erraustegiaren iruzur finantzieroa, diru publikoaren zarrastalkeria, eta gabezia demokratikoa, gai honetan egon den, informazio, eztabaida eta parte hartze eza salatzera.
"Bidaia honek erakutsi digu ez gaudela bakarrik. Gero eta atxikipen gehiago eta anitzagoa ari gara jasotzen", nabarmendu dute Joseba Belaustegik eta Joxe Mari Izetak. Oso emankorra izan da iragan asteko bidaia guraso taldearentzat. "Bruselan hartu gaituztenek, seriotasun, errespetu eta miresmen handiarekin jaso dute gure ibilbidea. Gure arrazoiak eta argudioak oso sendoak direla garbi adierazi izan digute bilera gehienetan. Eta elkarlanean aritzeko Europan aliatu berriak lortu ditugu. Indartuta etorri gara handik", nabarmendu dute.
Babes zabala eta elkarlanerako prestasuna
GuraSOS, Gipuzkoako gehiengo sindikala ordezkatzen duten LAB eta ELA sindikatutako ordezkariekin bertaratu da Bruselara. Bilera sorta zabala izan zuten 48 orduko tartean, eurodiputatu eta eragile anitzekin; EHBilduko europarlamentari Josu Juaristirekin, EAJ-PNV alderdiko eurodiputatu Izaskun Bilbaorekin, Frances Gambusekin (Union Democratica), Maite Pagazaurtunduarekin (UPyD), Ramon Jauregirekin (PSOE) eta Carolina Punsetekin (Ciudadanos). Europako Batzordeko ingurumen zuzendaritzarekin ere bai eta "aurrez aurre gure kexa adierazteko aukera izan dugu". Europako Estatistika Agentziari (Eurostat) "zortze publikoaren iruzurra aurrez aurre azaltzeko aukera izan dugu".
Sindikatuen Europako Konfederazioko ingurumen gaietako idazkari nagusi Montserrat Mirrekin (CCOO) ere bildu zen GuraSOS. Bilkura honen segidan egin zuten agerraldian, Mirrek babes osoa adierazi zion guraso taldeak Europan zabaldu zuen lan ildoari. "Elkartea garatzen ari den ekimenekiko sentitzen dugun miresmenaren aurrean, bi egunotan egingo dituzten ekintza guztiak babestu baino ezin dezakegu egin", zioen Zero Zona kanalari eskaini zizkion adierazpenetan.
GuraSOS-etik ere pozik, aipatu konfederaziotik jasotako babesarekin. "Bruselara Gipuzkoako gehiengo sindikalaren laguntzarekin joan ginen eta Europako gehiengo sindikalaren babes formal eta esplizitoarekin bueltatu gara". Ez horrekin bakarrik, guraso taldetik iragarri dutenez, "beste bide bat irekiko dugu, proiektu mota hauen finantziazioari lotuta". Alderdi politiken eginiko bilera errondari dagokionean ere balantze positiboa egin dute. "Oso esparru ideologiko anitzaren babesa jaso dugu eta gurekin elkarlanean aritzeko konpromisoa eman digute; gure ekimenaren harira Batzordeari Europako Parlamentuan galderak egiteko", berri eman dute.
GuraSOS-ekin bildutako guztiei eta bilerok lotu eta Europara jauzia egiten lagundu dieten Podemos-i eskerrak helarazi dizkie guraso taldeak.
"Gure salaketak zuzenak direla berretsi dugu"
Gogoan izan, uda hasieran hainbat ekimen juridiko aurkeztu zituen GuraSOSek Europan. Europako bidaian, "gure salaketak zuzenak direla berretsi dugu", adierazi dute gaurko agerraldian. "Guk salaketa sartu genuen egun berean (ekainaren 7an), arrazoi berdinekin Europako Batzordeak Espainiako Erreinua Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren aurrean salatu zuen, hondakinen kudeaketa planak ez ebaluatu eta berrikusteagatik gehienez 6 urtetik behin, Europako araudiak eskatzen duen moduan", adierazi dute.
Bestalde, Europako Batasuneko Konturen Auzitegiak Espainia eta beste estatu batzuen elkarte publiko-pribatuenpeko kontratuen azterketa egin duela berri eman du GuraSOS-ek, obra kontzesioko kontratuena tartean. Eta zera ondorioztatu dutela; batetik, "kontratu hauek askoz garestiago ateratzen direla, gure kasuan, 400.000.000 euro garestiago, egiterik ez zegoena (erraustegia) egin nahi izateagatik". Bestetik, "kontratuok zorpetze mugei iruzurra egiteko erabiltzen direla".
Udazkenera begira, mobilizazioak eta parte hartze prozesua
Aipatu moduan, udazken beroa datorkigula iragarri dute. "Gipuzkoarron interesen aurkako kontratua etetea eta obrak gelditzea", helburuokin, mobilizatzera deituko dute datozen hilabeteotan guraso taldetik. Eta iragarri dutenez, "egin ez den hiri hondakinen kudeaketaren planari eta partehartze demokratikoari ekingo diogu"; Hitzartu prozesuari. Horrelako plan demokratiko batek, "kontingentzia atal bat izango du, non ordura arte egindako azpiegiturek eduki ditzaketen irteera eta erabilpen desberdinak baloratu eta aukera desberdinak mahai gainean jarriko diren".
Gipuzkoak asko du irabazteko GuraSOSen esanetan, obren kontratua eteten bada. 1.200 milioi aurreztuko dira, gipuzkoarrek erabaki ahalko dute erraustegia martxan jarri edo ez. Aipatu kontratua ez bada eteten, ohartarazi dutenez, "mundu osoko zaborra 35 urteetan gure herrian erretzeko ateak zabalik izango dira".
"Gure haurrak babesteko" zioten behar den guztia egiteko, behar den lekura joateko prest agertu dira beste behin. "Ez dezala inork gutxietsi gurasoek beren seme-alabak defendatzeko duten indarra", eta gizartearen babesa badute, are gehiago. Azken aldian geldiarazi diren hainbat erraustegiren adibideak aipatu dituzte; Florentzia, Belfast...
Hitzartu eta GuraSOS laguntzeko deia
Europara eginiko bidaia, abian duten Hitzartu prozesua, ekimen juridikoak... GuraSOS-ek abian dituen egitasmoak babesteko deia egin dute gaurkoan. Bideotatik egin ditzakezue ekarpenak:
Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124
Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165
Informazio gehiago:
https://youtu.be/ydXrmuyUIMc